Ion Etxeberriak Erremonteko Udaberriko Torneoa irabazi du

Uztarria.eus 2012ko mai. 28a, 16:03
Ion Etxeberria argazkian erdian, finala irabazi eta gero. (Oriamendi)

Utergarekin batera jokatu zuen finala zapatuan, eta 39 eta 40 nagusitu zen bikotea Oinatz eta San Miguelen kontra. Azpeitiko XIII. Erremonte Txapelketan, berriz, Etxabe II.a-Zubizarreta eta Etxeberria IV.a-Aizpuru II.a izan ziren irabazleak aurreneko jardunaldian.

Denboraldi ona ari da egitenIon Etxeberria (Azpeitia, 1983) erremontista. Joan den zapatuan, hilak 26, Udaberriko Babolat Volvo Auto Suecia Torneoko finala irabazi zuen Utergarekin batera, Oñatz eta San Migueli 39 eta 40 irabazi eta gero.

Oinatzek eta San Miguelek gogor hasi zuten partida eta 21 eta 7 aurreratu ziren. Behin 21era iritsi zirenean, ordea, Ion eta Uterga hasi ziren nagusitzen. Hala, hamasei tantoko aldea zortzira jaitsi zen, eta handik lau tantoko aldera (32-28). Gero, 34na berdindu zuten, eta 35na, 36na eta 37na segidan. Oinatz eta San Miguel berriz ere aurretik jarri ziren, 39 eta 37, baina  39 eta 40 bukatu zen partida urdinen, Ion eta Utergaren, alde.

Ion Etxeberriak Binakako Erremonte Txapelketa irabazi zuen joan den abenduan.

Azpeitiko XIII. Erremonte Txapelketa

Azpeitiko XIII. Erremonte Txapelketan, berriz, Etxabe II.a-Zubizarreta eta Etxeberria IV.a-Aizpuru II.a izan ziren irabazleak aurreneko jardunaldian. Etxabek eta Zubizarretak 40-37 gainditu zituzten Matxin III.a eta Labaka, eta Etxeberriak eta Aizpuruk 40-35 irabazi zuten Zulaika eta Urkoren kontra jokatu zuten partida.

Txapelketaren bigarren jardunaldia ostiralean, ekainaren 1ean, jokatuko da Izarraitz frontoian, 18:30ean hasita. Lehen jardunaldian galdu zuten bikoteak lehian izango dira berriro: Matxin III.ak eta Labakak Otaegiren eta Ionen kontra jokatuko dute, eta Matxin VI.a eta Agirrezabala izango dira Zulaikaren eta Urkoren arerioak.