Matxin III.a-Labaka eta Matxin VI.a-Agirrezabala irabazle erremonte txapelketaren bigarren jardunaldian

Uztarria.com | Kirolak | Artikulua
2012-06-04 17:44

A multzoan hiru bikoteek dute oraindik finalerako sailkatzeko aukera. B multzoan, aldiz, Zulaika eta Urko aukerarik gabe gelditu dira jada. Eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan Azpeitia kaleratu du Azkoitiak; itzulikoan ere 2-1 nagusitu ziren azkoitiarrak.

Ostiralean, ekainak 1, jokatu zuten Izarraitzen Azpeitiko XIII. Erremonte Txapelketaren bigarren jardunaldia; aurrenekoan galtzaile izan ziren bikoteek txapelketan estreinaldia egiteko zeuden bikoteen kontra neurtu zituzten indarrak bertan.

A multzoan, Matxin III.ak eta Labakak 40-35 irabazi zioten Otaegiri eta Ioni. Horrenbestez, taldekako hirugarren eta azken jardunaldian erabakiko da multzo horretan finalerako txartela -lehiaketako bi multzoetako irabazleek jokatuko dituzte txapelak ekainaren 15eko partida nagusian-; momentuz, Matxin III.a-Labaka eta Etxabe II.a-Zubizarreta bikoteek garaipen bana dute, baina azken bikote horri partida bat gelditzen zaio jokatzeko, Otaegi-Ionen aurkakoa, hain zuzen ere, ostiral honetan (ekainak 8).

B multzoan, joan den ostiralean Matxin VI.ak eta Agirrezabalak 40-36 gainditu zituzten Zulaika eta Urko. Azken bikote honek multzokako faseko bi partidak galdu ditu eta, horrela, finalera sailkatzeko aukerarik gabe gelditu da. Ekainaren 8ko hirugarren jardunaldian erabakiko da kasu honetan ere finalista: Matxin VI.a-Agirrezabalak eta Etxeberria IV.a-Aizpuru II.ak jokatuko duten partidako irabazlearentzat izango da sailkapena.

Herriartekoari agur

Pronostikoek ez dute hutsik egin eta Azpeitiak agur esan dio final zortzirenetan eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketari.

Joan den ostiralean jokatu zituzten Ilunpekoek Azkoitiaren kontrako kanporaketaren itzuliko partidak eta, joanekoan Frontoi Txikin bezala, 2-1 nagusitu ziren azkoitiarrak Gurea frontoian. Kadete mailan 22-3 eta jubeniletan 22-1, aise irabazi zuten berriro azkoitiarrek; senior mailan ere aldearekin erabaki zen partida, 9-22, kasu horretan Azpeitiaren alde.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa