Gurrutxaga eta Ibarguren Gipuzkoako Dantza Suelto Txapelketan ere nagusi

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com | Kultura | Artikulua
2012-06-13 15:40

Euskadiko txapelak jantzi eta bi astera lortu dute herrialdeko saria, Trintxerpen. Beste bikote azpeitiar baten lekukoa hartu dute, 2010ean eta 2011n Amets Amubietak eta Maialen Aldalurrek irabazi baitzuten Gipuzkoako bikote onenaren saria.

Asier Ibarguren eta Garazi Gurrutxaga pozik, garaikurrekin.  Argazki originala

Garazi Gurrutxagak eta Asier Ibargurenek Dantza Sueltoko Gipuzkoako Txapelketa irabazi berri dute asteburuan, hamasei urte azpikoen mailan. Tritxerpen jokatu zuten proba. Bi aste lehenago, berriz, Euskadiko Txapelketan garaileak izan ziren. Bergaran jokatu zuten dantza proba. "Gustura" daudela azaldu dute biek, ezpainetan barre txikia dutela. Ioritz Galarragak eta Laura Olaizolak osatutako bikotea, aldiz, bigarren postuan sailkatu zen Trintxerpen, eta Bergaran, hirugarrengoan. Bi bikoteak azpeitiarrak diren arren, Bizkargi Musika Eskolan entseatzen dute, Aitor Sorazu irakasle dutela.

Irabazleei espero al zuten galdetuta, bai irakasleak, bai Gurrutxagak baietz azaldu dute, ahots beheraz. "Zaharrenak zirela ikusita, espero genuen. Gainera, Bergaran bigarren postua lortu zuen bikoteko mutilak hamasei urte egin zituen txapelketa hori jokatu eta hurrengo egunean. Beraz, Gipuzkoakoan ezin zuen parte hartu. Irabaztea aurreikusten genuen, hortaz",azaldu du irakasleak. Txapelketei dagokienean "ongi" dabiltzala dio neskak. "Lau txapelketa jokatu dituzte aurten, eta lau txapel eskuratu dituzte", gaineratu du Sorazuk.

Biak ala biak txikitan hasi ziren dantza ikasten, Azpeitian, Luis Alberdi Beltza-rekin. Gero Bizkargi Musika Eskolan hasi ziren. Ibarguren nahiko isilik dago bikotearen alboan. Irakasleak azaldu du normalean oso berritsua dela, baina astelehenagatik edo [herenegun egin zen elkarrizketa], isilik dago elkarrizketan. Hala ere, txapelketetan hasi zirela sei urte badirela azaldu du. "Esperientzia ona" izan dela gaineratu du Gurrutxagak, baina "orain hobea" dela ere azkar gehitu du. Irakasleak, horra iristeak eskatzen duen esfortzuari ere garrantzia eman nahi izan dio, hori entzundakoan. "Gogorra da. Amodio propio handia behar da, eta lan handia eskatzen du. Behin irabazten hasten zarenean erraz ikusten da, eta ederra da. Baina aurretik dagoen lan hori guztia ez da ikusten. Gustatu egin behar zaizu, eta sakrifizio handia da". Aurrera begira "txapelketetan segitzeko" asmoa erakutsi dute. Txikitatik beti batera aritu dira, eta halaxe jarraitzeko gogoz.

Eskualdean afizioa antzematen da; izan ere,parte hartu duten txapelketetan, inguru honetako bikoteak izaten direla gehienbat azaldu dute. "Egia esan, harritu egiten naiz. Lehen Hernanin, Donostialdean, Bergaran... indar handia zeukan, baina orain falta dira. Ez dakit zergatik izango den", dio irakasleak. Baieztatu egin du neskak; "lehen aniztasun handiagoa zegoen, beste herrietako gehiago ibiltzen ziren".

---

Dantza Suelto Eskola. Sorrera: 1995. / Luis Alberdi hasi zen euskal dantzak irakasten Azpeitian. Urtero ehunen bat ikasle izaten ditu eskolak. Txapelketatan lorpen esanguratsuak izaten dituzte. / Informazio gehiago: azpeitikokulturmahaia.com/taldeak

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa