Gaur jokatuko dute Azpeitiko erremonte txapelketako finala

Uztarria.eus 2012ko eka. 15a, 12:33

Finala Joseb Etxeberria Etxabe II.a eta Unai Zubizarretak Aritz Etxeberria Etxeberria IV.a eta Joxin Aizpuru Aizpuru III.aren kontra jokatuko dute, 18:30ean hasita.

Azpeitiko XIII. Erremonte Txapelketa gaur, ostirala, bukatuko da Izarraitz pilotalekuan. Finala Joseb Etxeberria Etxabe II.a eta Unai Zubizarretak Aritz Etxeberria Etxeberria IV.a eta Joxin Aizpuru Aizpuru III.aren kontra jokatuko dute, 18:30ean hasita.

Gaur zortzi erabaki zen Izarraitz pilotalekuan txapela zein bikoteren artean jokatuko den.
Etxabe II.a eta Zubizarreta aizarnazabaldarrek Otaegi eta Ionek osatutako bikoteari 27-40 irabazi zioten, horrela finalerako txartela lortuz.

Aizarnazabalgo bikoteak, Etxeberria IV.a urrestildarra eta Aizpuru III.a izango dituzte aurkariak. Bikote honek finala jokatzeko aukera Matxin IV.a eta Agirrezabalamende hartu ondoren lortu du; joan den ostiralean 31-40 irabazi zuten finalerdia.

Beste postuak jokoan

Finaleko partidaz gainera gaur Izarraitz pilotalekuan txapelketako hirugarren eta laugarren postuak erabakiko dira. Matxinbentako hiru erremontista ariko dira norgehiagoka horretan: Eñaut Oiarzabal Matxin VI.a eta Igor Agirrezabala Xuban Oiarzabal Matxin III.a eta Jagoba Labaka azpeitiarraren kontra. Azken hau oraindik afizionatuen mailako erremontista da.

Maiatzaren 25ean hasi zen Azpeitiko XIII. Erremonte Txapelketa. Bertan hamabi erremontistek hartu dute parte, denak eskualdekoak. Bost azpeitiarrak izan dira: Labaka, Otaegi, Jon, Aizpuru III.a eta Urko. Horiez gainera, hiru Matxinbentakoak izan dira, Matxin III.a, Matxin IV.a eta Agirrezabala, eta Etxeberria IV.a Urrestillakoa. Aurten, gainera, afizionatuen mailan ari diren hiru erremontistek profesionalekin batera aritu dira lehian: Jagoba Labaka, Unai Otaegi eta Joxin Aizpuru. Aurten ere, binaka eta bitaldetan banatuta jokatu dute txapelketa.

Iazko Azpeitiko Erremonte Txapelketa Eñaut Oiarzabal Matxin VI.ak eta Ion Etxeberriak irabazi zuten, Oinatz Gonzalez eta Igor Agirrezabalari 40-20 irabazi ondoren.