"Zezen suharrak eta kalitatezko toreatzaileak" izango dira saninazioetan

Uztarria.eus 2012ko eka. 28a, 16:57
Ezkerretik eskubira, Mikel Ibarzabal, Joxin Iriarte, Alberto Aguilar, Txetxu Iriarte eta Javier Beobide aurkezpen ekitaldian.

Desenkajonamentua eta hiru zezenketa izango dira aurtengo festetan. Abono zaharrak berritzeko eta berriak egiteko aukera izango da uztailaren 10etik 21era bitartean, takilan (Udaltzaingoaren bulegoaren ondoko lokala, Plaza txikian).

Aurtengo saninazioetako zezenketetako kartela aurkeztu dute Azpeitiko Zezenzale Batzordeko kideek gaur, osteguna, Sanagustin kulturgunean. Joxin Iriartek esan duenez, "zezen suharrak eta kalitatezko toreatzaileak izango dira aurtengoan". Zezenzale Batzordekoekin batera izan dira aurkezpenean Mikel Ibarzabal udaletxeko zinegotzia eta Alberto Aguilar toreatzailea. Aguilarrek adierazi du, "Azpeitia oso herri berezia da niretzat. Lagun handiak ditut hemen, gainera. Azpeitiak asko eman dit, eta eskerrak eman beharrean nago".

Desenkajonamentua eta hiru zezenketa izango dira aurtengo festetan. Saninazioetako zezenen desenkajonamentua uztailaren 29an, igandea, izango da zezen-plazan, 18:30ean hasita. Uztailaren 30ean, 31n eta abuztuaren 1ean zezenketak izango dira ikusgai.

Hilaren 30ean, 18:00etatik aurrera, Jose Escolar Gil ganadutegiko (Lanzahita, Avila) zezenekin arituko dira Sanchez Vara, Serafin Marin eta Esau Fernandez toreroak. Uztailaren 31n, asteartea, Palha ganadutegiko (Porto Alto, Portugal) zezenen txanda izango da eta Antonio Ferreira, Alberto Aguilar eta Paco Ureña izango dira toreatzaileak. Azken zezenketa abuztuaren 1ean izango da. Ivan Fandiño, David Mora eta Daniel Luque toreatzaileak izango dira Azpeitiko zezen-plazan eta Valdefresno ganadutegiko (Tabera de Abajo, Salamanca) zezenekin aritu beharko dute.

Zezenketetarako sarrerak

2012ko uztailaren 30, 31 eta abuztuaren 1ean izango diren zezenketetarako abono zaharrak berritzeko eta berriak egiteko aukera izango da uztailaren 10etik 21era bitartean, takilan (Udaltzaingoaren bulegoaren ondoko lokala, Plaza txikian). Telefonoz ere egin daiteke eskaria (943 15 71 60). Uztailaren 21an 20:00etarako abonoak jasotzen ez dituztenek, horretarako eskubidea galduko dute. Abonoz kanpoko sarreren salmenta uztailaren 23tik aurrera egin ahal izango da, eta internet bidez ere erosi ahal izango dira hemen.

Uztaileko astegunetan 18:00etatik 20:00etara bitartean izango da zabalik takila. Launbat eta jai egun bezperetan, berriz, 11:00etatik 13:00etara. Egunean bertan zezen-plazan ere salduko dira egun horretako zezenketari dagozkion sarrerak, 16:00etatik aurrera.

Zezenketak iragartzeko kartela

Aurtengo zezenketak iragartzeko irudia aukeratzeko kartel lehiaketa jarri zuen abian Zezenzale Batzordeak, hirugarren urtez jarraian. Aurtengo kartel irabazlea Valen Garciarena izan da, eta haren irudia baliatuz kaleratuko dituzte zezenketetako kartelak. Joxin Iriarte Zezenzale Batzordeko kideak eman dio aurkezpen ekitaldian 1.000 euroko diru-saria Garciari.