Bederatzi urrezko domina lortu dituzte azpeitiar igerilariek junior eta infantil mailetako Euskal Herriko txapelketetan

Uztarria.com | Kirolak | Artikulua
2012-07-04 17:21

Ainhoa Goenagak hiru urre ekarri zituen junior mailan. Infantiletan, berriz, beste hiru Oihana Goenagak, bi urre eta brontze bat Jon Aizpuruk, eta urre bat eta zilar bat Pablo Etxeberriak. Dominekin batera, Espainiako txapelketetan lehiatzeko txartelak ere eskuratu dituzte lau azpeitiarrek.

Lau azpeitiar igerilari lehiatu ziren joan den asteburuan junior eta infantil mailetako Euskal Herriko Txapelketetan, eta laurek irabazi zituzten dominak. Guztira, bederatzi urre, zilar bat eta brontze bat, uzta oparoa osatuz.

Gasteizen jokatu zen junior, promesa eta absolutu mailako Euskal Herriko Txapelketan lehiatu zen azpeitiar bakarrak, Ainhoa Goenagak, hiru urrezko domina irabazi zituen bizkar erako hiru probatan 50, 100 eta 200 metroetan, hain zuzen. 400 metro estiloetan ere hartu zuen parte, 6. postua eskuratuz.

Infantil mailako Euskal Herriko Txapelketa Tolosan egin zen eta, han, hiru azpeitiarrek hartu zuten parte. Oihana Goenagak hiru proba egin zituen eta hiruetan kolkoratu zuen urrea: libre erako 50 eta 100 metrotakoan, eta 100 metro estiloetan. Jon Aizpuruk ere podiuma zapaldu zuen lehiatu zen hiru probetan: urrea irabazi zuen 100 metro bular erakoan eta 100 metro tximeleta erakoan eta brontzea, berriz, 100 metro libreetan. Azken proba horretan 9. postuan sailkatu zen Pablo Etxeberriak, azkenik, urrea irabazi zuen 400 metro libreetan, eta zilarra 200 metro libreetan.

Dominekin batera, Espainiako txapelketetan lehiatzeko txartelak ere eskuratu dituzte lau azpeitiarrek. Junior mailakoa uztailaren 12tik 16ra jokatuko da, eta uztailaren 17tik 22ra infantil mailakoa. Ainhoa eta Oihana Goenagak, gainera, maila absolutuko Espainiako Txapelketan parte hartzeko aukera ere izango dute, uztailaren 24tik 27ra, Terrassan (Herrialde Katalanak).

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia miren | 2012-07-04 : 20:42

Hori nibela igerilari hauena! Zorionak eta zorte on Espainiko txapelketan!

Erabiltzailearen aurpegia santue | 2012-07-04 : 21:17

ZORIONAK!!
joe ezta erreza maila hortako txapelketan hain emaitza onak ateatzie, baño zallo dana da 4 igerilaik ateatzie!zorionak iten aizeaten lanatik ta disfrutau dezagun!

Erabiltzailearen aurpegia Betikue | 2012-07-05 : 00:42

Zorionak!!!!!!! Nibelazooo dakaguna herriyen!!!! Segi horrela!!!

Erabiltzailearen aurpegia Maldon | 2012-07-05 : 09:55

Zorionak dominak lortu dituzuenoi.
Baina zorionak baita ere, eta bereziki, egunero lanean tinko aritzen zeraten guztioi. Beti laudorioak txapeldunek jasotzen dute, eta zaputzik haundienak ere hauentzat izaten dira.
Neretzat txapelduna da eguneroko lanean, arlo guzietan, ongi programatutako lana jator eta umore onian egiten duena. Hau baloratzen det bereziki.
Emaitza onak etortzen badira, lanaren eta nor bere balioaren ondorioa da. Azkena ere txapelduna da, egunero jator aritzen bada.
Zorionak denoi, kirol gogorra aukeratu ondoren gazte osasuntzu eta jatorrak zeratelako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa