EAJ eta Hamaikabatentzat "gezurra da AZZk oposizioari leporatzen diona"

Uztarria.eus 2012ko uzt. 6a, 19:43

Azpeitia Zero Zaborrek (AZZ) uztailaren 2ko agerraldian hondakinen gaian bai udal gobernuaren, bai oposizioaren jarrera kritikatuz egindako adierazpenei erantzun nahi izan diete oposizioan dauden bi alderdiek. AZZ "Bilduren makinariak Gipuzkoan sortu duen mugimendu bat" dela diote eta EAJ eta Hamaikabatekin (H1!) harremanetan jartzerik ez duela nahi izan leporatzen diote.

Komunikatu bateratua plazaratu dute gaur, ostirala, Azpeitiko EAJk eta H1!-ek, AZZren kritikari erantzunez.

AZZk esandakoekin sartu aurretik, mugimendu beraren izaera eta jarduna kritikatu dituzte oharrean Udalean osposizioan dauden bi alderdiek, zeharka Bilduk hondakinen kudeaketaren inguruan azaldutako jarrera ere kritikatuz. AZZ "Bilduren makinariak Gipuzkoan sortu duen mugimendu bat" dela diote. "Funtsean, herri-mugimenduz mozorrotutako mugimendu politikoa da, borondate oneko jendea bereganatzeko. Eta jakina, Bilduk Gipuzkoan inposatu nahi duen hondakinen planarekin bat egiten du, bereziki atez atekoaren inposaketarekin. Hori baita AZZren helburua: Azpeitian atez atekoa inposatzea". EAJren eta H1!-en ustez, atez ateko bilketa "herriarentzat kaltegarria da" eta ez du balio 'zero zabor' helburua lortzeko, "hori ezinezkoa baita, beraien sistema diktatorial hori ezarrita ere. Eta, gainera, herriak ez du nahi".

Gaia politizatzea

EAJ eta Hamaikabatekin harremanetan jartzerik ez duela nahi izan leporatzen diote AZZri. "AZZ mugimenduak harreman zuzenak izan ditu hasieratik Bildurekin, baina ez du oraindik pausorik eman EAJrekin eta Hamaikabatekin harremanetan ipintzeko. Ez du nahi izan. Beraz, ezin du ezagutu hondakinen gaian bi alderdiok dugun iritzia", diote. Azpeitian "oraindik" hondakinen eztabaidarik ez dagoela uste dute bi alderdiok, eta "AZZk eta Bilduk" gaia politizatzea besterik ez dutela lortu.

AZZri egiten dioten kritikarekin jarraituz, talde horrek hondakinen prebentzioan, murrizketan eta berrerabileran "oraindik ezer ez" duela planteatu diote, "eta beraien mugimendua sinesgarria egin nahi badute izango dute lanik".

EAJ eta Hamaikabatentzat "gezurra da AZZk oposizioari leporatzen diona" -bi alderdion helburua "beste ezeren gainetik errauskailua egitea" zela esan zuten-. "Ahalik gehiena birziklatzearen, berrerabiltzearen eta murriztearen alde gaude oso-osorik -diote-, baina geratzen dena, berrerabili eta birziklatu ezin dena, erraustu egin nahi dugu, eta hortik energia lortu herritarrentzat. Eta ez harrobietan utzi, kamuflatutako zabortegi berrietan pilatuta". Berrabili ezin dena erraustea "Europak onartzen, babesten eta bultzatzen duen metodoa" dela diote. Gaur egun Gipuzkoan indarrean den hondakinen bilketa eta tratamendu sisteman sakontzearen alde agertu dira Azpeitiko EAJ eta H1!, bost edukiontzietan oinarritutako sistema horrek izan ditzakeen "ahuldadeak" konpontzeko bideak aztertuz. Eta Lapatx 2014an itxiz.