Oinatz Elkarte Animalista sortu dute

Uztarria.eus 2012ko uzt. 19a, 15:10
Amaia Garmendia, Intza Odria, Haizea Odria eta Aitor Aldalur OƱatz Elkarte Animalistako kideak.

"Gure herrian animaliek jasotzen duten tratuagatik kezkatuta", urte hasieran ekin zion herritar talde batek biltzeari. Taldearen helburua da, "animalien eskubideak babestea".

"Gure herrian animaliek jasotzen duten tratuagatik kezkatuta", urte hasieran ekin zion herritar talde batek biltzeari. Ordutik hona taldearen helburuak eta ekintzak zehazten aritu dira, eta hala sortu dute Oinatz Elkarte Animalista. Elkarteko kideek azaldu dutenez, "ez da, soilik, zezenketen kontrako taldea, eta animaliek guk bezalaxe eskubideak dituztela eta bizitza duina merezi dutela sinesten dugu".

Egiteko lan asko, talde sendorik ez eta odolik gabeko festak nahi dituztelako sortu dute elkartea. Baina, helburu nagusia "animalien eskubideak babestea" dela, adierazi dute. Horrenbestez, animalien eskubideak urratzen dituzten kasuak aztertu eta salatuko dituztela eta animalien aldeko jokabideak publikoki txalotuko dituztela esan dute Oinatzeko kideek. Gainera, "animalienganako jokabide etikoa bultzatuko dugu, eta horretarako, kontzientziazio kanpainak, mahai informatiboak, kontzentrazioak... egingo ditugu". 

Oinatz Elkartearen lehentasuna "zezenketak kentzea" dela azaldu dute: "Lehentasuna ematen diogu tortura eta hilketa ikuskizun bihurtzen dituzten zezenketak herritik desagertzeari". Azpeitiko festetak "zezenketak ez dira derrigorrezkoak eta herritar guztiok harro sentitzeko moduko festak nahi ditugu", gaineratu dute. Zezenketen harira, saninazioetan, hilaren 31n, zezen-plaza aurrean zezenketen kontrako elkarretaratzea egingo dute, 17:00etan hasita. Elkartearen jarduna, ordea, ez da zezenketen kentzearen aldeko lanera mugatuko. 

Helburu horiek lortzeko hainbat ideia dituztela esan dute elkartekoek eta, besteak beste, herriko animalien inguruko arautegia aztertu, Udalarekin harremanetan egon eta gaiok elkarlanean jorratzeko bidea egiten hasi eta baztertutako, galdutako animalien kudeaketa egokia egin eta animaliekin elkarbizitza hobetzeko ikastaro eta hitzaldiak antolatuko dituzte.

Parte hartzeko zer?

Oinatz Elkarte Animalista "talde irekia" dela eta "parte hartzailea" izatea nahi dutela jakinarazi dute. Horrenbestez, animalien alde lan egin nahi duen edozein herritar "ongi etorria izango da elkartean", esan dute. 

Dagoeneko webgunea (oinatzanimalista.blogspot.com) sortu dute, eta sare sozialetan ere badaude: facebook.com/oinatzanimalista. Harremanetarako idatzi oinatzanimalista@gmail.com helbidera.