Uztailak 25: kendutakoa gogoan, berreskuratzeko gogoa

Azpeitiko napar zuzterrak 2012ko uzt. 24a, 11:50
Nafarroako bandera astebukaeratik dago udaletxeko balkoian.

Bai lagunak, ospatuko dugu, bai! Baina ez dugu ospatuko konkistatuak izan ginela; gaur, 500. urteurren hau 2012.urtean gogora ekartzean, gure Herri hau bizirik dagoela ospatuko dugu

 

Kaixo Nafarroa/Euskal Herria! Kaixo Azpeitia!

Gazteluko erregeak Nafar Mendebaldea konkistatu zuenetik 800 urtetik gora pasa badira ere, 500 urte egingo ditu, uztailaren 25ean Albako Dukea Nafarroa Garaia konkistatzera Iruñera armaturik sartu zela.

Historiaren trafikatzaileek —estatu konkistatzaileek emandako titulu asko eskutan izanik ere— gaurko “status-quo”-a babestu nahian, historia, boterean dagoenaren politikaren arabera erabiltzeaz gain, gure konkista osoa bere horretan utzi behar dugula esaten digute.

Ilunpean utzi behar omen da gure Historia, agian oso kontziente direlako munduko edozein herrirentzat, herri izatearen eskarmentuaren haria denetik, talde bat herri egiten duen arbolaren sustraia dela historia. Beraz, arriskutsuegia gure identitatea ezabatu nahi dutenentzat.

Guretzat, orain dela 500 urte gertatutakoak, gaur zuzeneko ondorioak ditu. Eta zergatik esaten dugu hau? Gure iraganeko eta gaurko bizi-indarra, bizi nahi duen bizitza dela jabetuta gaudelako eta bizi-berritzearen erantzule gara inguruak etengabeko oztopoak sortzen badizkigute ere. Ura bezala, betikoa eta beti berria den ura. Eta gu, jaria dadin, sobran dagoena kendu eta falta dena ipintzen ari gara. Garaian garaiko jendeak, geu izatea iraunkortzearen bizi-indarra jariatzen.

Bai lagunak, ospatuko dugu, bai! Baina ez dugu ospatuko konkistatuak izan ginela; 1200. eta 1512. urteetan konkistatuak izan arren, gaur, 500. urteurren hau 2012.urtean gogora ekartzean gure Herri hau bizirik dagoela ospatuko dugu.

Espainiar eta Frantziar estatuen aurrean, erraztasunez inguratutako menpekotasun jarrerak astinduz, Euskal Herria/Nafarroa estatu menperatzaileek zazpi egin bagintuzten ere, bat bakarra gara. Euskaldun eta nafar, txanpon bakarraren bi aurpegi. Jabetuta gaude, aldarrikapenen gainetik, guk geure burujabetzatik egingo dugula bidea, askatasun bidetik ibiliz, jakinik nora!

Geure iragana gogoan izanez, orain dugun gogoa indartu nahi dugu geure etorkizunari gogoz aurre egiteko.

Albako Dukearen, Villaba Koronelaren, Beaumonteko Luisen, Gamazo ekonomia ministroaren, eta horien oinordekoek argi izan dezaten: zuek egindako ahaleginaren gainetik, herri honek bere baitan eutsi dion burujabetza-gogoa indartsuago delako, euskaldun eta nafar, osorik bakarra dena bizirik dugu!

Gora Nafarroa bizirik!

Hemen bihar, uztailak 25, egingo diren ekitaldiak:


- Nafarroako bandera haga erdian eta xingola beltzarekin egongo da udaletxeko balkoian.

- Arratsaldean, Enparantza nagusian ikurrinaren dantza egingo da bere ama den nafar banderarekin, 19:30ean.

- Konkista dela-eta, Udal Adierazpen instituzionala irakurriko da Sanagustin kulturgunean.

- Ondoren, napar-bertso-pintxoak, konkistari buruzko bideo eta bertso saioz girotuta.