Estalitako igerilekua itxita egongo da uztailaren 30etik abuztuaren 16a arte

Uztarria.eus 2012ko uzt. 27a, 19:27

Urtero legez, garbiketa eta mantenimendu lanak egingo dituzte tarte horretan. Kirolgune berriko instalazioak, berriz, abuztuaren 2tik 31ra kiroldegiko tabernatik kudeatuko dituzte.

Udaleko Kirol Patronatuak bere ardurapeko instalazioek udako opor garaian izango duten egutegiaren eta ordutegiaren berri eman du.

Alde batetik, eta ohi duten bezala, estalitako igerilekuaren ateak itxi egingo dituzte egun batzuetan, urteroko garbiketa eta mantenimendu lanak egiteko. Hain zuzen ere, uztailaren 30etik 16ra bitartean itxita egongo da barruko igerilekua eta eraikineko gainerako zerbitzuak ere bai. Bitarte horretan, uztailaren 30etik abuztuaren 12ra, Azpeitiko Kirol Patronatuaren bazkideek Azkoitiko kiroldegia erabiltzeko aukera izango dute.

Abuztuaren 16tik irailaren 1era, berriz, goizez egongo da irekita estailitako igerilekua, 09:00etatik 13:00etara. "Behar bada, lanak direla medio, igeri egiteko aukera abuztuaren 20a arte ezinezkoa" izango dela aurreratu dute, hala ere, Kirol Patronatuaren arduradunek. Gainerako zerbitzuak martxan izango dituzte.

Kirolgune berria

Teniseko eta padeleko pistei eta belar artifizialezko futbol zelaiari dagokionez, abuztuaren 2tik 31ra egunero irekita izango dira 11:00etatik 20:00etara. Gune horiek erabili nahi dituztenez kiroldegiko tabernara joan beharko dute eskatzera, handik kudeatuko dituzte-eta abuztuan kirolgune berriko jarduerak.