Mikro-homofobia ekintzak eta erasoak gurean

Mikel Ayerbe | Iritzia | Artikulua
2012-09-03 18:48

Abuztuaren 18an Azkoitiko Andra Mari jaietan parrandan gabiltzala, goizeko ordubiak aldera eta txosna karpatik ez oso urrun, lagun talde bat elkartu eta berriketan hasten gara. Halako batean, nire atzean hitz egiten ari den mutil batek marikita hitza esan duela uste izan dut eta ea marikitekin zer gertatzen den galdetzen diot. "Hemen norbait marikita al da ba?", berak. "Bai, ni. Zergatik?", erantzuten diot. "Ah, ba horrela bada, errespetatu ni eta ez ukitu", esaten dit. Lasai egoteko, inoiz ez dudala ukituko, baina berak niri inoiz gehiago hitz bakar bat ere ez egiteko erantzuten diot zakar.

Handik pare bat ordura, lagun bat herriko bi mutil ezagunekin gelditzen da berriketan kalean. Zein tabernatara goazen esatera hurbiltzen natzaionean, bi mutiletako bat nigana gerturatu eta bat-batean, barrabiletatik gogor heltzen dit, oldarkor. Ezer ulertzen ez dudala, bakean uzteko esaten diot, bakean uzteko esaten dio nire lagunak ere, eta behin barrabiletatik askatzen nauelarik, "isilik egon hadi, gustatu egiten zaik eta, marikita hori!" edo antzeko zerbait ahoskatzen du ez oso ozen, baina nik entzuteko moduan. Berriro ere barrabiletatik heltzeko intentzioa ikusita, alde egiten dut presaka eta urduri "ni bakean uzteko" behin eta berriz ozenki esanaz. Eurekin zegoen laguna berehala dator nigana eta ospa egiten dugu, gertaera ahaztu ezinik.

Bi gertaerok adibide eta abiapuntutzat hartuta, jai giroan edota ohiko eguneroko bizitzan gure inguruan jasan behar izaten ditugun 'mikro-homofobia' ekintzak eta erasoak salatu nahi nituzke. Aitortu behar dut niri gertaturikoa lagunei kontatzeko orduan, behin baino gehiagotan nik ere zalantza egin dudala eraso hitza erabili edo ez, eraso hitza bortitzegia bailitzan. Azkenean, ordea, nire burua da nabarmen gelditu dena, eraso hitza ekintza eufemismoarekin estaltzeak hori bera adierazten baitu, sarritan erasoak jasandakoan ere ez dugula nahi izaten kontuari hainbesteko garrantzia ematerik.

'Mikro-homofobia' terminoa 'mikro-matxismo' terminoaren aldaera gisa erabili asmo dut, hain zuzen, emakumeek sarritan jasaten dituzten ekintza eta eraso matxista txiki baina errepikatuak izendatzeko terminoaren baliokide gisa. Jakina baita emakumeek maiz jasan behar izaten dituztela gertakizun, irain eta ekintza matxistak, sarritan oharkabean bada ere, eta gainera, esan bezala, zenbaitentzako gertaerok "ez dira hainbesterako izaten". Aipaturikoaren berri izateko biziki gomendatzen ditut June Fernandez kazetariaren blogeko Feminazis eta Paranoicas postak eta Ander Izagirre kazetariaren blogeko Son unas histéricas posta. Bertan kontatzen diren jazarpen ekintzei, aurtengo jai-giroan nire inguruko zenbait emakumek jasan dituzten ekintza matxistak gehitu beharrean aurkitzen naiz: komunean neska batekin sartzera tematzen den gizonarena adibidez, behin neskak uko egin eta komunean bakarrik sartu ostean, neska txiza egiten ari dela azkenean komunean sartu eta krisketa ixten saiatzen den gizonarena, hain zuzen; edo tabernetako jendetza aprobetxatuz gizonek behar ez bezala ukitzen dituzten neskena; arrazoirik gabe gizonen keinu itsusiak jasan behar dituzten neskena; etab.

Baina natorren mikro-homofobia ekintzetara, gradu baxuko jazarpen homofoboak izanagatik ere, bere garrantzia baduten gertaera erabat salagarriak direlako, eta bestetik, egungo gizartearen egoeraren berri emateko ere balio dutelako. Izan ere, bizi garen leku eta garaian anakronikoak dirudite eta, beraz, onartezinak lirateke aipaturiko ekintzak, egiazki gertatuko ez balira. Baina hori da kontua, normalizazioaren diskurtsoa hain zabalduta egonda ere, horrelakoak eta antzekoak egunero gertatzen direla han eta hemen. Horrenbestez, gertaera gaitzesgarriak erabat onartuta daude zenbait jendartetan eta ekintza horiek erakusten dutena da homofobia hori ez dela desagertu, oso egungoa dela, eta uste gabeko leku eta espazioetan agertzen dela, oraindik hor dagoelako. Are, pesimista jarrita, esango nuke halako kontrairaultza bat gertatzen ari dela; nonbait, zenbait esparrutan lortu diren eskubideak gehiegizkoak bailiran, eskubide horien aurkako ekintzak ugaltzen ari baitira.

Amorruzko gutun bat idatz nezakeen, edo mendekuzkoa, barrabiletatik heldu eta kozkorrak ukitu zizkidan gizonezkoa betidanik ezagutzen dudan gure herriko euskaldun, "aurrerakoi" eta "ezkertiarra" izanik, jai-giroan horrelako ekintza gaitzesgarriak eta are okerragoak egiten maiz ibiltzen dela salatuz. Baina, egiazki, eraginkorragoa deritzot mikro-matxismo eta mikro-homofobia erasoen aurkako jarrera aktibo eta zuzena aldarrikatzeari, horrelako ekintzak baitira gure gizarteko askatasun, aniztasun eta berdintasun aukerak mugatu, zapaldu, zapuztu eta jazartzen dituztenak.

Izan ere, neurri handi batean mikro-erasoak gizarteko makro-arazoen ondorio besterik ez dira.

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Erostarbe | 2012-09-04 : 12:05

Ekintza horiek berak nahikoa badute 'makro'-tik. Besarkada bat Mikel.

Erabiltzailearen aurpegia Iban Arregi | 2012-09-04 : 12:14

Har dezagun denok matxismo eta homofobia erasoen aurkako jarrera aktiboa,nahikoa da eta. Animo Mikel

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Uribetxeberria | 2012-09-04 : 12:15

Erantzun hobio ezin eman aguntauber izen huenai. Espero diat merezi duen oihartzune izetie artikulo honek.

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Lopetegi Uzkudun | 2012-09-04 : 13:01

Aupa Mikel!! Holako kintzak beste erantzunik eztiabe merezi!! Oso ona!!

Erabiltzailearen aurpegia Betikue | 2012-09-04 : 13:49

...bizu garen garaietan eta horrelako jendea!Faborez!...burura etortzen zait askotan entzuten dudanean "mantxurriano" hitza...antzekoparezido situaziyue...

Erabiltzailearen aurpegia MariKazetari | 2012-09-04 : 14:02

Ni Gorkaren berdintsua esatera nentorren; kontatzen duzuna ez dela mikrohomofobia baizik eta eraso homofobo bortitza. Lagunen artean egiten diren txantxa homofoboak dira nire ustez mikrohomofobia esparru garrantzitsu bat. Honen inguruan post bat idatzi duen orain dela gutxi: http://gentedigital.es/comunidad/june/2012/06/2...

Emakumeen kontrako kaleko jazarpenaren inguruan proiektu bat daukat buruan. Ezinbestekoa iruditzen zait halako gertaerak egunero salatzea. Pozten nau eraso homofoboen kasuan ere ikusgai egiteko konpromiso hau aurkitzea.

Besarkada handi bat

(Eskerrik asko nire postak gomendatzeagatik)

Erabiltzailearen aurpegia Ander Izagirre | 2012-09-04 : 14:10

Animo erasoen aurrean, zorionak aurre egiteko kemenarengatik eta erasoen berri emategatik, begiak zabalik izan ditzagun. Besarkada bat.

Erabiltzailearen aurpegia Zumardi | 2012-09-04 : 17:39

Animo eta kuraia on Bilbotik Mikel!!! Irakurtzen ari nintzela gurean bizi den afrikar baten kontakizunak etengabe gogora: askotan mikroerasoak, batzutan makro bihurtzen direnak, non eta inoiz espero gabeko leku eta pertsonen eskutik. Matxismoa, Homofobia eta Arrazakeria, "gurean" ere, ezpal bereko gaitz kronikoak.

Erabiltzailearen aurpegia Bilgune Feminista | 2012-09-04 : 18:01

Bikaina Mikel zure artikulua, ederto azaldu duzu guztia.
Zuk idatzitakoak berriro ere argi uzten du "gizarte aurrerakoi" honetako errealitatea zein den, eta oraindik ere asko dugula egiteko.

Azpeitiko Bilgune Feministatik ere salatu egin nahi dugu gertaturikoa. Egunero jasaten ditugun eraso homofobo eta sexista hauen harrean, jarrai dezagun jarrera aktiboa hartu eta erantzunak ematen.

Besarkada bat!

Erabiltzailearen aurpegia Idurre Izagirre | 2012-09-04 : 21:45

Mikro-homofobia asko dago kalean baina gutxi gertatutakoan. Eraso larria deritzot, neska bazina hala litzateke, mutila zarelako ez ala? Salatu eta gaitsetzi beharrekoa. Besarkada bat.

Erabiltzailearen aurpegia makolo | 2012-09-04 : 22:09

Animo Mikel¡¡hortik irakurtzen nuen ; "¿holakoak garai hauetan??" baino garaiak pertzonak aldatzen dituzte eta ez urteak ....homofoboa eta errazizta dena , beti izango da horrelakoa ,baino bueno; diximulatzen edo errespetua zer den ikasten badute ez dakezu meritu makala...horregatik ezan ;jende askok ,desgraziatu artean ibiltzen ikasten du ..eta bestela; bi ostia eta putzura¡¡¡horrelakoentzat bestelakorik ez dago ta.

Erabiltzailearen aurpegia euli | 2012-09-05 : 19:27

Mikel, benetan sentitzet holako gauzek bizi izen berra... emanber ohituta eonber genukela "matxito" hauek eite diguten danai.
Pozten naiz kontatziek eta dixkurun nazkante harek letze baldin bau, gutxiyenez ikustie jende mordoxka bat daola eraso hori ta holako danak salatze ditugunak.
animo Mikel eta muxu haundi bat

Erabiltzailearen aurpegia Pandereta Zalea | 2012-09-05 : 22:06

Aupa Mikel,

Besarkada handi bat eta animo!

Nik ez dut ulertzen batzuei zergatik axola dien hainbeste besteen bizitzak. Badirudi ez daudela berenarekin gustura.

Erabiltzailearen aurpegia sugar | 2012-09-15 : 17:57

Eskerik asko Mikel pasa zaikena kontatzen atrebiu eta beste asko guri bakarrik ez zaikigula pasatzen ulertzea allegatzen lagundu izenagatik. Desgraziz holako bat baño geyo tokau zezkuk danoi ingurun baño kejatziez gain gutxi asko ein diau hauei aurre eiteko.
Danok zer ein haundiye daukeulakun nao.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa