Santutxorako igogailua erabili ahal izateko txartelak datorren astean banatuko dituzte

Uztarria.eus 2012ko ira. 19a, 19:21
Argazkiaren ezkerraldean aurrez aurre dagoen atetik izango dute igogailurako sarbidea txarteldun bizilagunek. Eskubi aldean, goian, Santutxo auzoko etxeak.

Izarraitz pilotalekuko igogailua egokitu dute inguruko bizilagunen irisgarritasuna hobetzeko. Santutxokoei ez ezik, estalitako parke ondoko bizilagunei ere emango dizkie txartelak Udalak. Plaza inguruan bizi eta ezintasunen bat dutenek ere eskatu ahal izango dute.

Denon Artean parte-hartze prozesuaren baitan Santutxoko auzotarrek eginiko eskaerari erantzuna emanez, Udalak Izarraitz frontoiko igogailua egokitu du, inguruko bizilagunek erabil ahal izan dezaten.

Egokitze lanak bukatuta, laster izango dute herritarrek igogailu hori erabiltzeko aukera, baina igogailua ez da edonorentzat irekita egongo. Hain zuzen ere, Udalak iragarri du datorren astean banatuko dituela Santutxorako igogailua erabiltzeko beharrezkoak izango diren txartelak. 18 urte baino gehiagoko Santutxoko auzotarrei bana emango zaie -152 inguru- eta, horiez gain, estalitako parke ondoko bizilagunei ere emango zaizkie; guztira 160 txartel inguru banatuko ditu Udalak. Bestalde, plaza inguruan bizi eta ezintasunen bat duten herritarrek ere igogailurako txartela eskatzeko aukera izango dute.

Lanei dagokienez, 38.000 euro kostatu da igogailua egokitzea eta Izarraitz pilotalekuko azken solairuan pasillo berria egitea.