Tentsioa Corrugados Azpeitiako atarian

Uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2012ko urr. 1a, 20:45
Oianguren (jaka gorriarekin) Enpresa Batzordeko langileen ordezkariekin hizketan. (NEREA URANGA)

Enpresako logistikako arduradunak, Carmelo Oiangurenek, bilerara deitu ditu arratsalderako saileko langileak, lantegiko bulegoetan. 16:00ak aldera -bilera ordua- arduraduna eta hamabost bat langile sarrerara gerturatu dira, baina beste ehundik gora langile han zeuden eta ez diete sartzen utzi. Zenbait ika-mikaren ondoren, Ertzaintzaren bi patruila bertaratu dira; batzuen eta besteen azalpenak entzun ondoren alde egin dute poliziek. Bileraren deitzailea eta berarekin biltzekoak zirenak atarian egon dira ordubetez, 17:00etan alde egin duten arte, gainerako langileak atzetik zituztela. Kotxeraino jarraitu diote Oiangureni eta han jarraitu du ika-mikak.

"Urriaren 16an azken 60 kaleratzeen gaineko epaiketa egingo dute eta ordura bitartean horrelako saiakera gehiago egingo dituzte, bazterrak nahastu eta langileen artean zatiketa bultzatzeko". Enpresa Batzordeko langileen ordezkari batek horrela azaldu du gaurko bilera deialdiaren xedea. Grebako mobilizazioetan parte hartzen ari diren grebalarientzat, izan ere, "probokatzera" joan da gaur Oianguren lantegi atarira.

"Enpresa Batzordeko ordezkariak ari gara Gallardo Taldearekin hartu-emanetan. Gaur goizean bertan hitz egin dugu azken aldiz, telefonoz. Negoziazio serio bat nahi dugula azaldu diegu, baldintzarik gabe, eta etortzeko negoziatzera, horretarako prest badaude. Enpresa Batzordea ari da negoziatzen, erakundeen babesarekin. Lantegia itxita badago, denontzat dago itxita. Honek -Oianguren- bilera bat nahi badu, hitz egitea, zergatik ez da etortzen batzarretara? Goizero elkartzen gara eta irekiak dira". Haserre, oso haserre, zeuden azkenean egin ez den bilerara joateko prest azaldu direnen zain egon diren langileak; logistika saileko arduradunarekin batik bat, bilera horrela eta aukeratu duen tokian deitzeagatik "Gerenteari deitu diogu, bilera honen berri ba al zuen galdezka; ezetz esan digu, eta ez zuela ezer jakin nahi. Gainera, badakigu lehen ere egin dituztela bilerak, erdi ezkutuan edo, Enpresa Batzordea kontuan hartu gabe. Argi daukagu zertara etorri diren gaur hona, gu hemen egongo ginenaren jakitun: probokatzera", azaldu dute LAB eta ELAko langileen ordezkariek.

Carmelo Oiangurenek, bere aldetik, "aurpegia ematera" joan dela esan du, "dei asko jaso ditudalako, langileenak, egoera larrian daudela eta ezin dutela horrela jarraitu esanez". Oiangurenek argitu du 42 direla logistika sailean aritzen diren langileak. Bilerarako deia guztiei egin diela ere zehaztu du, baita Enpresa Batzordean langileen ordezkari lanetan ari diren eta logistikako sailekoak diren bost lagunei ere. Enpresa Batzordeko LAB eta ELAren ordezkariek esan bezala, lehendik "bilera batzuk egin" izan dituztela onartu du Oiangurenek. Gaurkoa bulegoetan deitu izanaren arrazoia, berriz, "ez ezkutatzeagatik" izan dela esan du: "Batzuk aurpegia ez dugula ematen esaten ari dira, eta horregatik erabaki dut pausoa ematea". Greba hasi zenetik egiten diren batzarretara joateko asmorik ba al duten galdetuta, "asanblada zabal bat" deitzearen alde azaldu da Carmelo Oianguren, "langile guztiak deituta". Orain arte egin diren batzar guztiak, "bai lantegian eta bai Soreasun" irekiak izan direla berretsi dute beste behin, berriz, langileen ordezkariek.