Pako Aristi: "Euskaldunok politikaz haserretu gabe hitz egiten ikasi beharra dugu"

Urola Kostako Hitza 2012ko urr. 12a, 17:45
Pako Aristi, liburuaren ale batekin. (NEREA URANGA)

Independentziaren ideia nondik ote datorren gogoeta egiten hasi zen idazle urrestildarra orain hiru bat urte, eta horren ondorio da kaleratu berri duen Independentziaren paperak saiakera liburua.

Orain hiru urte independentziaren ideiaren hariari tiraka hasi zen Pako Aristi, eta horren emaitza da Independentziaren paperak saiakera liburua. Irailaren 8an bukatu zuen lana, eta atzo (urriaren 11)) aurkeztu zuen Donostian. "Kataluniako Diadaren bezperan bukatu nuen, eta eskerrak, bestela horren bueltan hasiko nintzen idazten, eta liburuak bere mugak ditu". Independentziaren bidean, "euskaldunok osotasunaren kontzientzia osatu behar" dugula dio.

Saiakera politikoa estilo periodistikoan idatzi duzu. Zergatik horrela?

Politikari buruz modu samur batean idaztea zaila delako egin dut estilo periodistikoan. Politikak  hitz egiteko modu iluna, opakoa, zakarra, konplikatua dauka. Hizkera politikoa kasi-kasi antilingua bihurtu da. Antilingua komunikatzeko balio ez duen hizkuntza bat da. Mezua ezkutatzeko erabiltzen den hizkuntza bat, Calvinoren definizioan. Politikan, hauteskundeetan eta politikoen elkarrizketetan erabiltzen den hizkera ez da batere komunikatiboa. Nahiz eta orain, azken kanpainan, samurtzen ari den. Baina nik, idazle bezala, pentsatzen eta sentitzen dudana transmititu nahi dut, irakurleari ailegatzea. Idazle bezala beti dut irakurlea gogoan, nire mezua irakurlearengana iristea nahi dut. Horregatik, saiakera hau idazkera periodistikoan egin dut, askoz erakargarriagoa, biziagoa eta irakurtzeko orduan samurragoa izan dadin. Gogoeta politikoa idazkera periodistikoaren bitartez egin dut, zerbait bizigarria egin nahian. Nire azken helburua jendea ez aspertzea da. Baina gai batzuk aspergarri izateko arriskua daukate, eta tartean politika dago. Jendea nahiko kokoteraino dago politikaz, urte askoan txapa asko jaso duelako, eta jende askok errefusatu egiten du. Arrisku hori saihesteko egin dut idazkera periodistikoan. Ahaztu gabe ni formazioz kazetaria naizela.

Liburuaren haria independentzia da. Nondik nora heldu diozu hari horri?

Orain bizpahiru urte independentziaren ideia hori nondik zetorren gogoeta egiten hasi nintzen, Euskal Herrian gaurko egoera zergatik den den bezalakoa ulertzeko. Euskal Herria bi estatutan dago banatuta, eta hegoaldean beste bi administraziotan. Egitura territoriala eta instituzionala oso traketsa, erabat zatitutako herria da. Horrez gain, fragmentazio partidista ere ikaragarria da: denak beren alderdietan, lubakietan, sartuta, alderdiekin identifikatuta oso, eta askotan herria ahaztuta. Hizkuntza ere, arrastaka, bere lekua ezin hartuta dago. Liburuan, egoera honetara nola iritsi garen kontatu nahi izan dut. Orduan, historiari errepaso bat ematen hasi nintzen, aurreko mendeetara joaz. Independentzia bizirik mantendu duen hari bat topatu nuen, mendez mende independentziaren gogoa, desioa, grina bizirik mantendu duen hari bat. Liburuan hari hori agertu nahi izan dut, datuak emanez eta.

Historiako datuez gainera beste informazio iturri batzuk ere erabili dituzu, ezta?

Historia jaso dut, baina egungo egoera ere zein den pixka bat agertu dut. Datu historiko eta testu zaharrez gainera, bigarren informazio iturri bezala gaur egungo prentsan gure politikoek esandakoak eta adierazpenak erabili ditut. Eta, teoria politiko pixka bat egiteko, hirugarren iturri bezala, hainbat idazleren testuak jaso ditut: Tony Judt, Anthony de Mello, George Lakoff... Hiru iturri horiek erabili ditut.

Liburuan diozu jendea pentsatzen jartzeko ekarpenak egiten dituzula. Zer esan nahi duzu horrekin?

Ekarpen asko egiten ditut, bai. Izan ere, hemen urteetan gure politikoek, buruzagiek, lehendakariak, ETAk zer esango beti zain egon gara. Hori izan da ohitura. Beti zain egon gara, haiek zer esan, guk jarraitzeko. Kontsigna eta panfleto kultura hedatu da, eta ez hainbeste bakoitzak bere gogoeta egin eta bere ikuspegia antolatzeko kultura. Ni liburuan pixka bat jendea esnatzen saiatzen naiz, irakurleak hainbat gauza pentsaraztea nahi nuke eta gogoeta eginaraztea.

Gogoeta egiteko, ordea, hitz egitea ere beharrezkoa da. Baina liburuan diozu ez dakigula haserretu gabe politikaz hitz egiten.

Hala da, haserretu egiten gara, eta hori herri batentzat arazo latza da. Euskaldunok haserretu gabe politikaz hitz egiten ikasi egin behar dugu. Geure artean haserretzeak etsai politikoei on egiten die. Gure haserrea etsaiari kontra egiteko gure energiak batzeko ezintasuna da. Denon artean estrategia bat ezarri, eta subjektu politiko bat bideratzea eragozten digun baldintza da haserrea. Gure haserrea beti etsaiaren irabazia da, eta gure kontradikzio politikoak ere etsaiaren irabaziak dira. Nik teoria batzuk botatzen ditut liburuan; batzuk ontzat hartuko dituzte, eta besteak ez. Oso liburu kritikoa da, baina garapenari lagunduko dion kritika egin nahi izan dut, kritika laguntzailea. Herri honek edota irakurtzen dutenek nolako heldutasuna duten ikusi nahi dut. Pista irakurleen erreakzioek emango didate.

Liburua hiru pertsonak irakurri dute. Batek esan dit: "Txinpartak aterako ditu". Besteak: "Hautsak harrotuko ditu". Eta hirugarrenak: "Eragina izango du liburu honek jende askorengan". Hiru horien artean, badago gradu diferentzia. Nik nahiago nuke eragina izatea, eta ez hainbeste txinpartak ateratzea. Txinpartak beti erre egiten du, kontrako jarrera eraginez. Laguntzeko egindako liburu bat da, nik herriari laguntza kolektibo bat eman nahi diot. Ez dut inor haserretu nahi, nik gogoeta egitea nahi dut.

Herrian independentzia gogoa lo dagoela diozu. Baina esnatu ondoren, zer?

Jendea lo dagoela esan nahi du; herria inkonsziente dagoela, bere herriaren historia ez duelako ondo ezagutzen. Baina, behin ezagutzen hasten direnean, eta kontzientzia pizten hasten denean, hori dena estrategia baten bidez antolatu egin behar da. Behin herri batean gehiengoa kontziente bihurtzen denean, subjektu politiko bihurtzen da. Oraindik Euskal Herrian ez gara subjektu politikoa. Aldiz, Kataluniako herria subjektu politiko bihurtu da, miloi eta erdi kalera atera dira, eta politikoak bide bat hartzera behartu dituzte. Subjektu politikoa bere helburuak lortzeko eta gizartean aldaketak eragiteko estrategia daukana da. Euskal Herrian estrategia baten bidez subjektu politikoa sortzea eta antolatzea falta da. Independentziarako estrategiarik ez dago, hemen estrategia autonomistak eta partidistak daude. Euskal Herriak, gainera, duen zatiketa izugarriaren arazoa du. Horrek berak denok ordezkatuko gaituen subjektu politiko bat osatzea galerazten du. Liburuan horren gainean hainbat ekarpen egiten dut.

Euskal Herrian subjektu politikoa sortzeko zer egin beharko litzateke?

Horretarako gauza oso inportantea pedagogia politikoa egitea da. Katalunian pedagogia asko egin da, eta gizarte zibilak indar handia du. Hemen, berriz, gizarte zibila oso alderdi politikoen menpe dago; adibidez, manifestazio politikoak alderdi politiko batek deituta egiten dira. Han ez, han gizarte zibila masa sozial aktiboa da, eta hainbat taldetan antolatuta dago. Esaterako, duela urte asko, Omnium sortu zuten hizkuntza normalizatzeko. Elkarte horrek katalana normalizatzeko lan handia egin du, eta bazkidetza ordaintzen duten 25.000 bazkide ditu, tartean jende ezagun asko: Pep Guardiola, Lluis Llach... Independentziarako bidea egiteko eta politikoei presio egiteko, Kataluniako Batzorde Nazionala  ere sortu dute. Horrez gain, hango jendeak bere borondatez Kataluniako irratietan propaganda egiteko kuñak erosi ditu, Kataluniako datu ekonomikoak, soziologikoak eta historikoak emateko. Urteetan egon dira irratietan jendeak borondatez ordaindutako kuñak entzuten, pedagogia hori da. Gero, pedagogia horren ondoren, subjektu politiko bat zutik jartzera iristen da, baina pedagogiarik gabe ez. Hemen falta dena independentziari buruzko pedagogia da. Independentzia zertarako, zergatik, nola bideratu azaltzeko ez daukagu diskurtso propio bat, ez delako egiten pedagogiarik. Eta nik, idea politikoen laborategia sortzea proposatzen dut, proposamen eraikitzaileak eginez idea eta diskurtso politikoak garatzeko.