Independentzia

Ainhoa Beristain (Udaleko Euskara batzordeburua) | Iritzia | Artikulua
2012-10-19 11:46

Kataluniari begira egon dira begi guztiak azken asteotan, arreta Mediterraneorantz bideratzeko egunak izan baitira, inolako zalantzarik gabe: irailaren 11ko Diadako manifestazioa, PSCko zenbait buruzagik estatu propioa eskatzea, Artur Mas autodeterminazio galdeketa aldarrikatzen ikustea, futbol taldetako presidenteak soberaniaren aldeko iritziak irakurtzea...

Baina batez ere, gertakarien segidak baino, herritarrak politikarien aurretik bidea egiten ikustea izan da inbidia sorrarazi didana: irailaren 11an kalean, edo Bartzelona eta Real Madrilen arteko futbol partidaren aitzakian Camp Noun. Herri bat bezala agertu dira, ez aritmetika parlamentario soil, ez alderdi taktiken ondorio bezala.

Katalunia herri bat izaki, herri izaera hartu eta ozen eskatu dute soberania, askatasuna, independentzia: eta politikariek herriaren eskaerari erantzun diete.

Zergatik jarraitu dudan prozesua inbidiaz? Guk ez dugulako manifestazio jendetsurik antolatu, guk ez dugulako San Mames, Anoeta edo Reyno de Navarra bete independentzia eskatuz munduaren aurrean. Baina, orain dugu aukera, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako hauteskundeetan igande honetan, Euskal Herrian tren independentista abian jartzeko lehen pausua izan daitekeenaren giroa dabilelako gure artean.

Munduan zehar independentziaren aldeko olatu zikloak izaten dira. Ziklo horietan leiho bat zabaltzen da, eta geurea bezalako herriei aukera bat zabaltzen zaie. Quebec, Eskozia, Katalunia… aukera horren leihoa, XXI. mendean eta Europan, parez pare ari zaigu zabaltzen orain.

Ematen duenez, indar abertzaleak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundetan nagusi izango dira: baina nahikoa al da independentziaranzko trena martxan jartzeko? Arrazoi ekonomikoak atzeratuko al dute independentzia? Ezinezkoa da independentzia ez lortzeko oztopo nagusia ekonomikoa izatea. Gure herri independenteak bideragarritasun ekonomiko ziurra du: gure eredu ekonomiko eta soziala eraiki dezakegu, beste nazio guztiek egin duten bezala.

Tren independentista martxan ez jartzeko arrazoiak juridikoak ote dira? Ez. Herri hau ezingo du ezerk geratu, ez Espainiako Konstituzioak ez beste ezerk, eta arrazoia sinplea da: hizkuntza eta kultura propioa dituen nazioa bat gara, eta gure buruari eragiten dioten erabakiak hartzeko gaitasuna dugu.

Arazoaren muina borondatea da. Ez gehiago eta ez gutxiago: borondatea. Horregatik, bada ordua, lehenik, Euskal Herriari berari mezua bidaltzeko: guri dagokigu, gure herrian dago gakoa, eta gako hori urriaren 21eko bozketan erabakiko da. Aukera historikoa da, eta, agian, ez da berriro errepikatuko. Benetako indar soberanistaren bitartez artikulatu behar dugu independentziaren bidea.

Herritarrok hauteskunde hauetan bozka independentistaz bete behar ditugu hautestontziak. Ardura ez dago erakundeetan, ardura ez dago politikarietan, ardura ez dago hauteskunde hauetako hautagaietan ... ez, ardura herritarrok dugu, eta independentzia izan behar du oihu nagusiak.

Independentzia edukirik gabe? Ez, independentzia herritarrak gizartearen erdian jartzeko. Eta independentzia gure lehentasun nagusienarekin uztartuta: lana, lana, eta lana. Lanpostu duinak sortzeko apustuarekin. Soilik gure etorkizuna kontrolatuz aterako gara krisi honetatik. Benetako herritarren aldeko politika publikoak, sozialak eta fiskalak abian jarriaz, Espainiatik datorkigun programa ekiditeko (murrizketa, murrizketa eta murrizketa programa): batzuek gehiago izaten jarraitu eta besteak pobreago. 

Ez gaitezen engaina, oraingoz, argi eta garbi hitz egin duen aukera soberanista bakarra, askatasuneranzko trena martxan jartzeko aukera bakarra, Ajuria Enean esertzeko aukera independentista bakarra dago.

Aukera orain ireki da, katalanek ireki dute eta zabaldu den aukera honetan sartzeko aukera historikoa dugu urriaren 21ean. Etorkizunean, agian, ez da aukera berririk izango urte askotan.

Eta independentzia nahi dugu. Mintegik larunbatean esan bezala, Estatu berri bat nahi dugu Europan. Eta Arnaldo Otegik Logroñoko kartzelatik adierazi zuen bezala, bukatu dira erdibide taktiko autonomistak: independentzia nahi dugu, burujabetasun erabatekoa, ekonomikoa eta politikoa, kulturala eta kolektiboa, gure herriarentzat eta Azpeitiarentzat, euskal herritar eta azpeitiarrentzat bereziki, aukera ona eta onena dela uste dugulako. Gure trena martxan jartzeko ordua da, Urola deitzen zioten, eta gure bihotzera doan zainik indartsuenetako bat da. Trena martxan  jartzen badugu ez da geldituko. Tarteko geltokirik ez dago. Herri hau ezin da gelditu.

Txartelak ez dira hartu behar, urriaren 21ean utzi behar dira hautestontzietan EhBilduren izenean.

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia josune2 | 2012-10-20 : 21:07

artikulu ederra Ainhoa!

Erabiltzailearen aurpegia tabernaria | 2012-10-21 : 12:42

Nik ontxe irakurri dinat, aspalditen letu deten onena.
Arrazoiyek bat bestien atzetik, nik ere Urola trena martxan jarriko dinat iketza bezala nire botue independentziyei emanez.

Erabiltzailearen aurpegia azpeitiarbatgeiyo | 2012-10-22 : 01:57

Ainhoa, barkatuiazu baina, ze mundutan bizi zara? irakurri det ezaten dezula "politikariek herriaren eskaerari erantzun diete". Gaixua,adarra jotzen edo?

Erabiltzailearen aurpegia tabernaria | 2012-10-22 : 10:48

barkatu ezak hik azpeitiarbatgeiyo, kataluñakoa jarraitu al dek? usten diat ezetz. Kataluñan Diada egon huan, masiboa eta autodeterminazioaren alde egin diate politikariek.
Por zierto, gaixua hotsegitea tono nazkagarri xamarra ez al dek?

Erabiltzailearen aurpegia tabernaria | 2012-10-22 : 10:50

Ahhh orain konturatu nauk, Euzkitzeri komentario bat egiteko perfila sortu zuena haiz eta. Euskara kontuagatik. Hi azpeitiarbatgeyo ez hidak erantzun, probokatzaile hutsa hintzela ez nitxuan gogoratzen?

jarduyok beste bati, Uztarria borratu nire erantzunak. Ez diot nahi pertsonaje horri erantzutea (perfila bi segundo aurretik sortu kaka egiteko).

Erabiltzailearen aurpegia azpeitiarbatgeiyo | 2012-10-26 : 01:52

Barkatuiazu tabernari, oso diskuidaute zaude, eta utziezu esplikatzen
lehen, etzan nere intentziyue gaixua esatien inor faltatzie
bigarren, askoz gutxiyo probokatzie ta puntto
hemen gauz bakarra ikusten det garbi
zuek bezela pentsatzen ez duena ez da ezer, probokatzailea baizik
konturatzeako ezta azpeitiarra ere ez nauk izengo
zuekin adoz ez nagoelako
bukatzeko, etzan nere intentziyue inori faltatzie
nere iritxiye ematie bakarrik
Zer da beste batei jarduyok ori?
esan nai diezu ZURI ze esan dizuten?
zurekin adoz ez egoteak ez du esan nai etsaitezunik errespetau, ni bezain libre zeala pentsatzen det
ematen du zuk niretzat ez dezula berdina opa
eskerrikasko
P.D.: kaka egitea da orduan zurekin adoz ez egotea?
zenbat denbora behar dut izena emanda egon zure egoeraz zer pentsatzen dudan esateko?

Erabiltzailearen aurpegia azpeitiarbatgeiyo | 2012-10-26 : 01:59

Euskal herriyek ez dik kopiau behar Katalunian gaizki egiten ari diena, ez diskuidau, Mas orrek etsaukek intentsiyo txikiyenik Katalunia independentzira emateko
bere erruak iskutatsie besteik ez dik nai
Erderaz, tiempo al tiempo
Gure herriyek etsaukek beste inoa beitu berrik geure birie segitzeko
Eta nire iritziye berriz emangoiat, iritziye bakarrik; politikariek, berdin dek ze koloretakue, inork ez dik pentsatzen bere herriyen benefiziyuen, beraienien baizik.
Naioneki diskuraute egotie

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa