Alde Zaharreko bizilagunen elkartea sortu asmoz bilera deitu dute asteazkenerako

Uztarria.eus 2012ko urr. 23a, 19:53

Baigera I-eko aretoan izango da, 20:00etan. Bilera irekia da eta "parte hartzeko gonbita bizilagun orori" luzatu diote antolatzaileek.

Alde Zaharreko bizilagun talde bat auzoko bizilagunen elkartea sortzeko asmoa lantzen ari da. Helburu horrekin, bilera deitu dute asteazkenerako, urriaren 24a. Baigera I-eko aretoan izango da, 20:00etan. Bilera irekia da eta "parte hartzeko gonbita bizilagun orori" luzatu diote antolatzaileek.

Ekainean eta uztailean Udalak Alde Zaharreko eragileekin bilerak egin zituen, zonaldea biziberritzeaz. Eragileen artean zeuden bizilagunak ere, eta bilera haietatik sortu zen oraingo ekimena. "Bilera horietan egon ginen auzotarrek Azpeitiko Alde Zaharreko bizilagunen elkartea sortzeko beharra ikusi genuen", azaldu dute.

Elkartea sortzeko aukeraz ez ezik, Alde Zaharrari dagozkion beste "hainbat gairi buruz" ere hitz egingo dutela aurreratu dute biharko bileraren deitzaileek; hala nola, Done Jakue kaleko parkearen eraberritzeaz, ibilgailuentzako pibote-sistema martxan jartzearen beharraz, kaleetako txukuntasunaz, Berdura plazako eskaintza gehitzeaz eta kaleetako festetaz.