Bidezko merkataritza azoka eta jostailu eta arropa trukea, datozen egunetan

Uztarria.eus 2012ko aza. 20a, 18:35
Joan den maiatzean egin zuten aurreko bigarren eskuko azoka.

Azaroaren 23an, ostirala, egingo da azoka Berdura plazan, 17:00etatik 20:00etara; bigarren eskuko produktuak ere jarriko dituzte salgai. Gazteria Sailak antolatu duen trukea egun berean hasiko da, baina beste hiru egunez ere egingo dute: hilaren 26tik 28ra, Sanagustinpean, goiz eta arratsaldez. 

Ostiralekoa 2012ko bidezko merkataritza eta bigarren eskuko bigarren azoka izango da Azpeitian. Udala da azokaren antolatzailea. "Aurreko urteetan, ekainean antolatu izan dugu soilik -azaldu dute Ingurumen sailetik-. baina ikastetxeetatik eta beste zenbait herritarrek egindako eskaerei jarraituta, animatu egin gara". Horrela, joan den maiatzean egin zuten aurtengo aurrena, eta udazkenean ere azoka jarriko dute orain. Baina, plaza Nagusian egin beharrean, Berdura plazan egingo dute, 17:00etatik 20:00etara.

Aurrekoetan bezala, herritar orok izango du azokan parte hartzeko aukera, erosle zein saltzaile moduan. Azoka zerbait salgai jarri nahi dutenek horretarako bi bide dituzte: saltokia beraiek jartzea, edo saldu nahi dutena gordailu postuan utzita; han, antolakuntza arduratuko da salmentaz.

Era batera edo bestera, saltzeko mahaia erreserbatuta edo saltzekoa gordailu postuan utzita, zerbitzua doakoa da. Dena den, zerbait saltzeko duenak aurrez egin behar du horretarako erreserba, 943 670249 telefonora deituta.

Jostailu eta arropa trukea

Bidezko merkataritza eta bigarren eskuko azokarekin bat egingo du Gazteria Sailak antolatu duen jostailu eta arropa trukearen hasierak ere.

Herriko ludotekek eta Gaztelekuak trukerako postua jarriko dute Berdura plazan ostiralean, baina beste hiru egunez ere egingo dute, hilaren 26tik 28ra (astelehenetik asteazkenera), Sanagustinpean. Hiru egun horietan goiz eta arratsaldez irekiko dute jostailuak eta arropa trukatzeko azoka: 10:30etik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara.

Trukerako zerbait duenak hura eman eta, nahi izanez gero, trukean, beste zerbait hartzeko aukera izango du. Trukerako izan gabe ere, jostailuak edo arropa -egoera onean daudenak bakarrik onartuko dituzte- uzteko aukera egongo da truke azoka horretan. Trukatuko ez den materiala "behartsuenen artean banatuko" dutela esan dute antolatzaileek.