Azcue y Cia-k hartzekodunen lehiaketa aurkeztu eta urte honekin itxiko du lantegia

Uztarria.eus 2012ko abe. 7a, 20:15

131 langile ditu gaur egun altzari enpresak, horietatik 120 Urrestillako lantokian; 2008a arte, 200dik gora ziren. Orain, ia langile guztiekin adostu dute kontratuen etetea, eta prentsa-ohar bateratua plazaratu dute zuzendaritzak eta enpresa batzordeak, albistea emateko. "Enpresaren jardueraren zati bat berriro martxan jartzeko aukera" aztertzen ari direla ere aurreratu dute.

Azcue y Cia-k hartzekodunen lehiaketa aurkeztu eta urte honekin itxiko du lantegia, "ezin izan diolako altzarigintza merkatuaren gainbeherak sortutako finantza ahuldadeari aurre egin". 131 langile ditu gaur egun altzari enpresak, horietatik 120 Urrestillako lantokian; gainerako hamaika langileak espainiar estatuan ditu barreiatuta, saltzaile lanetan, gehienbat.

Azpeitiko enpresa zaharrenetakoa da Azcue. 1934an sortu zuten, erantzukizun mugatuko sozietate bezala; 1966an sozietate anonimo bihurtu zen. Lehen lantokia Loiolako etorbidean izan zuten, eta 1970eko hamarkadan aldatu ziren Urrestillara.

2008an hasi zen antzematen Azcue y Cia-ren gainbehera. Urte haren hasiera arte, 200dik gora langile zituen enpresak, urte gutxiren buruan lantokia dezente handituta; 24 milioi euroko fakturazioa izatera ere iritsi zen. 2008ko urtarrilean aurkeztu zuen lehen aldiz zuzendaritzak Lana Erregulatzeko Txostena (LET); urte hartako urria bitartean 51 lagun gelditu ziren langabezian eta langileek mobilizazioak ere egin zituzten. Harrezkero, ordea, egoerak ez du hobera egin.

Orain, ia langile guztiekin adostu dute kontratuen etetea, eta prentsa-ohar bateratua plazaratu dute zuzendaritzak eta enpresa batzordeak, albistea emateko. Kontratu-eteteak "mailakatuta" egingo dituztela aurreratu dute, "alde batetik, lana urte amaieraraino mantentzeko eta, bestetik, azken urteetan aldi baterako LETekin erabilitako langabezia egunak berreskuratzeko".

Egoerari buelta eman ezinda

Higiezinen krisiak bete-betean eragin dio altzarigintzari, eta Azcue y Cia-n egoerari buelta eman ezinda gelditu direla azaldu dute: "Altzarigintzak higiezinen sektorearekin lotura estua duenez, azken bost urtetan etengabeko gainbeheran zebilen, enpresaren bilakaera bide beretik eramanaz. Azcue y Cia-ren fakturazioa %60 jaitsi da urte hauetan". Azken hilabeteetako saiakerek ere ez diete fruiturik eman: "Iraila ondoren, gainera, administrazio publikoaren gain dauden proiektu batzuen eta Qatarreko hotel bateko proiektu posible baten atzerapenak, gainbehera hori jasanezina bihurtu dute".

2008an "dibertsifikatze eta nazioarteko bihurtzean oinarritutako plan estrategikoa garatu" zutela ekarri dute gogora Azcuekoek. Plan horren ondorio izan ziren 2011n bulego eta liburutegietarako altzariak egiten zituen Eibarko Laster enpresa bereganatzea, eta sukalde eta bainurako hainbat ekoizlerekin sinatu zituzten itunak. "Horrela Europan, Asian, Australian eta Latinoamerikan merkatu berriak zabaldu" zituztela kontatu dute, "hainbat bulego, liburutegi eta hotel hornituz azken urte honetan, eta hazteko aurreikuspen handia" omen zuen enpresak.

"Plan estrategikoa garatzeko eta finantza zorraren berregituraketari aurre egiteko", 2011z geroztik Eusko Jaurlaritzak enpresaren akzioen %10 ditu; Ezten izeneko arrisku kapital funtsaren bidez sartu zen Jaurlaritza Azcuen, milioi bat eurorekin. "Langileek ere elkartearen alde apustu egin zuten, beraien lanaz gain beste milioi bat euro kapitalean jarriaz, Azkueko langileak, SL lan-elkartearen bidez. Horrela, langileak elkartearen gobernu organoetan sartu ziren".

Aukerak aztertzen

"Enpresaren jardueraren zati bat berriro martxan jartzeko aukera" aztertzen ari direla ere aurreratu dute zuzendaritzak eta enpresa batzordeak. Aukerak aztertzeko lan-taldea aurkeztu dute eta, haien esanetan, lan sozietate anonimoa sortzea litzateke aukeretako bat.

Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Azpeitiko Udala enpresaren egoeraren eta asmoen "jakinaren gainean" daudela diote Azcueko ordezkariek, "eta ahal duten guztia egiteko prest daude hurrengo urte hasierarako egitasmo hau martxan jarri ahal izateko".