Auzarazarako Plan Berezia behin betiko onartu du Udalak

Uztarria.eus 2012ko abe. 14a, 23:58
Ez-ohiko udalbatzarra jendetsua izan zen.

Epaitegietako bidea berriro martxan da, ordea: auzi-jartzaileek bere garaian exekutatu gabe gelditu zen epaia abian jartzeko eskaera egin dute, Espainiako Auzitegi Gorenak 2007ko Arau Osagarrien berrazterketa baliogabetu ondoren. Astelehenean bilerak egitekoak dira udaletxean.

Atzo, osteguna, ez-ohiko udalbatzarra egin zuten, Auzarazarako hirigintza Plan Bereziaren behin betiko onarpenaren gainean; hasierako onarpena urriko plenoan eman zioten. Eneko Etxeberria alkateak gogora ekarri zuen berriro Auzarazako eremuetan eraikita dauden etxebizitzei babes juridikoa ematea dela hartu duten neurriaren arrazoia: "Plan berezi horrek Auzarazako eremuan etxeak bere horretan kontenplatzen ditu, eta dokumentu berezi bezala jaso, Auzitegi Gorenak 2007ko Arauak atzera bota ondoren 1992koak geratzen direlako indarrean, eta haiek ez zituzten aurreikusten Auzarazako etxeak. Teknikoki ikusten genuen, garapen batekin, posible zela blindaje bat ematea etxebizitza horiei. Guretzat garrantzitsua zen hori, tartean epaiketa bat zegoelako horren inguruan". Plan bereziarekin batera, eta urriko udalbatzarrean esan zuen bezala, auzi baten erdian kokatzen diren etxebizitza horientzako beste babesa Herriko Antolamenduaren Plan Orokorra izango dela gaineratu zuen Etxeberriak.

Auzia, berriro martxan

Gai-zerrendako puntu bakarra bost minutuan azaldu eta aho batez onartu bazuten ere, ia ordu eta erdiz luzatu zen eztabaidaren atarikoa besterik ez zen izan. Auzarazako etxebizitzak babestera bideratutako planaren behin-behineko onarpenaren eta behin betikoaren artean, azaroko osoko bilkuran jakinarazi zuen Udalak Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuela Azpeitiko 2007ko Arau Osagarrien berrazterketa. Joan den asteazkenean, berriz, Auzarazako etxeen auzian -etxebizitzak legez kanpokoak zirela ebatzi zuen auzitegi berberak, 2007an- nobedadeak zeudela jakin zuten Udalean. Auzi-jartzaileek bere garaian exekutatu gabe gelditu zen epaia abian jartzeko eskaera egin dute EAEko Auzitegi Nagusian, Espainiako Auzitegi Gorenak 2007ko Arau Osagarrien berrazterketa baliogabetu ondoren.

Eskaerak aurrera egin du eta demandatuei -Azpeitiko Udala, Leku-Eder SA eraikuntza etxea eta Auzarazako etxejabeak- bost eguneko epea ematen die epaileak, beraien alegazio edota eskaerak epaitegira helarazteko.

Etxebizitzak legez kanpokoak zirela zioen epaiak etxeak botatzea aurreikusten zuen, eta auzi-jartzaileen eskaera berri honekin abian jarri den prozeduran ere etxebizitzak botatzea aipatzen du epaileak.

Kezka, salaketak eta ikuspuntu kontrajarriak

Atzoko udalbatzarra aspaldiko jendetsuena izan zen, baita tentsio handikoa ere. Ez zen ia inor falta: Auzarazarako etxejabeak ziren agertu ziren gehienak, baina han egon ziren auzi-jartzaileak ere; juridikoki auzi-jartzaile dena, Belen Aginagalde, ez, baina bai harekin batera auzitan dabiltzan Jabier Iturralde, Joan Amenabar eta Jexux Larrañaga, azken hau EAJren zinegotzi bezala.

Auzi-jartzaileen eskariz berrabiarazitako epai-bideak kezka eragin du Auzarazako bizilagunen artean, eta Udalean ere bai. Batzuen eta besteen arteko salaketak eta argibide eskariak ugariak izan ziren, baita alderdi politikoen ordezkarien arteko ika-mikak ere. Hala ere, galdera guztiek ez zuten erantzunik izan.

EAJko ordezkariek -Itziar Lasa zinegotziak lehendabizi eta jende artean zegoen UBBko buru Pello Elorzak ondoren- alkateari eta udal gobernuari eskaera egin zieten, auzia konpontzeko ahalegina egiteko. Leku-Ederrek Arau Osagarrien aurka jarritako helegitea eta haren ondorioak konpontzeko bere garaian EAJk eta EAk eraiikuntza enpresarekin egindako negoziazioak aipatu zituzten, eredu gisa, saiakera harek azkenean fruiturik eman ez arren. Gatazka "osoko bilkuretatik eta batzordeetatik atera eta behingoz konponketa bat kudeatzea" eskatu zion Lasak, "protagonisten artean". Zinegotziaren esanez, "akordio hauek bulegoetan egiten dira, eta zuri (alkateari) tokatzen zaizu bultzatzea". Eneko Etxeberria ez da, ordea, iritzi berekoa. "Udala ez dago gatazka honetatik at, uste dut planteamendu horretan errore batekin abiatzen zarela, Udala demandatua delako", erantzun zion EAJren ordezkariari, eta argudio bera defendatu zuen ondorengo eztabaidetan ere.

Bizilagunek, oposizioko taldeek edota auzi-jartzaileek akordio batera iristearen aukera aipatu izan zutenetan, Etxeberriak Udalak bere kontrako auzi bat kentzeagatik "inori" ezin diola ordaindu ekartzen zuen gogora. "Argi eta garbi: Udalak ezin du ordaindu, ez da legezkoa. Zuk, herritar bezala, Udalari demanda bat sartu eta, 'diru-kopuru jakin batengatik, kendu egingo diat’ esaten badiozu, Udalak ezin du hori egin, ez da legala. Ez zuzenean, eta ez zeharka", zioen, auzi-jartzaileen eskaerak konpentsazio ekonomikoan oinarrituta zeudela aditzera emanez. "Txantaia" hitza ere erabili zuen inoiz.

Auzi-jartzaileek ere beraien jarrera, arrazoiak eta asmoak agertzeko tartea izan zuten eztabaidaren erdian. Ukatu egin zuten beraien asmoa etxeak botatzea denik, eta ukatu egin zuten beraien eskaera diruan oinarritzen dela. Joan Amenabarrek gogoratu zuen bere garaian -aipatutako alderdien eta Leku-Ederren arteko negoziazio garaian-, "geldiarazi" egin zutela eskatuta zuten peritaje bat. "Epaileak peritua izendatua zuela jakinarazi zigun, baina negoziazio bidez konponduko zelakoan geunden eta gelditu egin genuen. Negoziazioa ez da joan, eta orain da garaia idatzi hau sartu duguna". Amenabarren esanetan, perituak erabaki behar zuen, etxeak botatzeko epaia bete ordez aurreikusten zuten bigarren aukeraren nondik norakoa. Aukera hori zen, Leku-Eder SA-k, konpentsazio gisa, Azpeitian hainbat hirigintza-lan egitea. Hori, eta auzibidean izandako abokatu gastuak ordaintzea eskatzen zuten auzi-jartzaileek, Eta orain ere irtenbide hori defendatzen dutela adierazi zuten atzo udaletxean, epaileari egindako azken eskaeraren ondoren auzitegiko agirietan gaztelaniazko derribo hitza agertzen den arren.

Auzi-jartzaiileen azalpenek ez zituzten asko lasaitu udaletxera joandako Auzarazako bizilagunak, ezta udal gobernuko ordezkariak ere. Alkateak galdera egin zien, etxeak botatzeko eskaera hori agirietatik kenduz idatzi berri bat aurkeztea posible zuten. "Nik ez dizut erantzungo gure abokatuarekin hitz egin gabe", erantzun zion Amenabarrek.

Auziaren jatorriaz

Auzarazako etxebizitzen auziaren oinarrian dagoenaz galderak eta erantzunak ere izan ziren udalbatzar laburraren ondoko eztabaida luzean.

Iñaki Portillak (Bildu) Jexux Larrañagari (EAJ) Udalak Auzarazako etxeak eraiki ahal izateko baimenaren alde bozkatu zuela gogorarazi zion, Larrañagak, EAJn hitz egindakoa azalduz, udal gobernuari akordio bat bideratzeko eskaera egin zuenean. "Bai, egia da -erantzun zuen Larrañagak-. Nik onartu nuen hor etxeak egiteko tramitea. Eta egin zena ez zen udaletxe honetan onartutakoa, bestela ez zuen epaiketa bat bera ere irabaziko inork".

Larrañagarekin batera udal hartan zegoen beste batek, Javier Beobidek, hartu zuen hitza gero. Beobide, EAko zinegotzi ohia eta ondoren Hamaikabateko kide izateaz gain, lokal baten jabea da Auzarazako etxeetan. Auzarazan etxebizitzak eraiki ahal izateko erabakia 1997an aho batez hartu zutela gogoratu zuen Beobidek, "gaur egin duzuen bezala, agintaldi hartan lehen aldiz". Beobiderentzat, helburu eta interes pertsonalen ondorioz sortutako "gerra" baten biktima dira Auzarazako bizilagunak. "Momentu honetan Auzarazako etxejabeak dira problema, baina orduan arazoa ez zen Auzarazakoa, Esklabetakoa zen. Esklabetako arazoa sortu zenean, promotore hark (Leku-Eder) ilegalitate bat ea non zuen, horren bila joan zineten, hirurok", esan zien auzi-jartzaileei. "Zuek hirurok sortutako gerra bat da hau. Zulo batean sartu zineten, aurreraegi joan zarete, gauzak muturrera iritsi dira eta orain ez dakizue nondik irten. Momentu honetan edukiko duzue zuen abokatuak ordaindu beharra. Eta orain nahi duzue, gai horrekin, txantajea egin udal honi, presioa sartu Udalari, arauak dauden bezala daudelako, gauzak aurreraegi joan direlako eta orain diru bat dagoelako jokoan. Baina, garai hartan, helburua Esklabak ziren, ez Auzaraza eta ez ezer".

Astelehenean, bilerak

Udalbatzarraren ondorengoak bukatzeko, hiru proposamen egin zituen Eneko Etxeberriak. Horietatik bi astelehenerako, abenduak 17, bilera deiak dira. Hain zuzen ere, Auzarazako auzian demandatuta dauden alderdi guztien abokatuekin bilera egitea proposatu zuen alkateak, auzia aztertzeko. Gai beraren bueltan, eta abokatuekin bildu aurretik, Udaleko talde politikoetako bozeramaileek egingo dute bilera, auzi honetan zer norabide jarraitu eta zer pauso eman behar dituzten aztertzeko.

Hirugarren proposamena auzi-jartzaileei egin zien: " (Etxeak) Botatzea ez bada intentzioa, eta intentzioa bada peritaje bidez kalkulu ekonomiko bat egitea, Leku Ederren gainprezioa zehaztuz eta hori ebaluatu eta Azpeitiko obretan gastatzea, eskatuko nizueke, mesedez, zuen abokatuekin biltzeko eta derribo hitza kenduz idatzi bat aurkeztea, subsidiarioki eskatzen den hori eskaera printzipala dela esanez, ez bigarrena".

Azkenik, bizilagunei lasaitasunerako deia egin zien alkateak. Onartu berri duten Plan Berezia eta onartzeko bidean diren Plan Orokorra "babes tresnak" diren bezala, Udalak aurrerantzean ere "behar diren tresna guztiak, etengabe" bizilagunen lasaitasunaren zerbitzura jarriko dituela aginduz.