Donostiako Epaitegiak Corrugadoseko murrizketen aurkako epaia eman du

Urola Kostako Hitza 2012ko abe. 21a, 15:00

Enpresak negoziatzeko prestutasunik ez izana jarri du epaia emateko arrazoi bezala, EAEko Auzitegi Nagusiak enpresa bereko 60 langile kaleratzeko LET-aren baliogabetzea ebazteko erabili zuen argudio antzekoarekin. Gallardo Taldeak Auzitegi Nagusiaren epaiari helegiterik ez diola jarri jakin den egunean iritsi da Enpresa Batzordearen aldeko bigarren epaia.

Corrugados Azpeitiako zuzendaritzak aurkeztutako murrizketen aurka egin du Donostiako Epaitegiak. Gaur, abenduak 21, eguerdian eman du Enpresa Batzordearen (ELA eta LAB) aldeko epaia. Enpresak negoziatzeko prestutasunik ez izana jarri du epaia emateko arrazoi bezala. Ondorioz, zuzendaritzak ezarri nahi zituen soldaten jaitsiera eta 49 ordu gehiagoko urteko lanaldia ezartzeko Lana Erregulatzeko Txostena (LET) baliogabe utzi du. Asteleheanean Enpresa Batzordeko ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak bilduko dira proposamen bat osatzeko eta ondoren zer egin langileen asanbladan erabakiko dute.

Kaleratzeak baliogabetzeko epaiaren aurrean enpresak ez du helegiterik jarri

Alfonso Gallardo Taldeak ez dio helegiterik jarri Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak aurreko astean Corrugados Azpeitiako kaleratzeen inguruko epaiari. Ondorioz, 60 langile berriz lanean hartzera behartuta dago, baita beste txosten bat diseinatzera ere.

Atzo arratsaldeko hiruretan amaitu zen helegitea jartzeko epea. Urriaren 16an izan zen kaleratutako 60 langileen inguruko epaiketa, eta hil honen 19an jakinarazi zuen epaia auzitegiak, beharginei arrazoia emanez. Lana erregulatzeko txostena baliorik gabe utzi zuen epaileak, eta kaleratzeak legez kanpoko jo, zuzendaritzak negoziazioak bideratzeko baldintzarik ez zuela sortu argudiatuz.

Sei hilabete daramate greban Corrugados Azpeitia lantegiko langileek, murrizketen aurrean. Iazko azaroaren 9an 140 behargini kontratua eten, eta gainontzekoei %40ko Lan Erregulazio Txostena -105 eguneko suspentsioa- ezartzeko asmoa jakinarazi zion zuzendaritzak enpresa batzordeari. Aurten otsailean 100 langile kaleratu zituen, eta ekainean murrizketekin jarraitzeko asmoa agertu zuen: 60 langile kaleratzekoa, soldatak %35 jaistekoa eta urteko lanaldiari 49 ordu gehitzekoa. Horren aurrean, langileek greba hasi zuten ekainaren 15ean.