Urrezko Kamera Xanti Rodriguezentzat

Uztarria.eus 2012ko abe. 24a, 16:38
Argazki hauek dira Xanti Rodriguezi Urrezko Kamera eman diotenak. (XANTI RODRIGUEZ)

Urteko Europako Argazkilarien Txapelketan -European Professional Photographer of the Year- bi sailetan izan da finalista azpeitiarra, eta erretratuen sailean lortu du argazkirik onenaren saria. Iaz zilarrezko bi sari eskuratu zituen "Europa mailan argazkigintzan dagoen zitarik garrantzitsuenetakoa" den horretan.

Xanti Rodriguezi (Azpeitia, 1978) aurreratu egin zaio aurten Olentzeroren etorrera. Urteko Europako Argazkilarien Txapelketan -European Professional Photographer of the Year- bi sailetan izendatu zuten finalista azpeitiarra. Eta Santo Tomas egunez jakin zuen erretratuen sailean Urrezko Kamera irabazi duela.

Albiste honekin datozen argazkiei esker eman diote, hain zuzen, sari preziatua. Izan ere, eta izendatuen artean zegoela jakin zuenean Rodriguezek berak azaldu bezala, profesionalentzat "Europa mailan argazkigintzan dagoen zitarik garrantzitsuenetakoa" da European Professional Photographer of the Year hori. Sari banaketa 2013ko apirilean egingo dute, Austrian.

Erretratuen sailean ez ezik, publizitate arloko lanetan ere finalerako sailkatu da Rodriguez 2012ko edizioan. Iaz, berriz, zilarrezko bi sari eskuratu zituen txapelketa berean, publizitatean bat eta ezkontzetako argazkietan bestea.

Urte honen hasieran, Valentzian ere saritua izan zen Rodriguez. Eta iaz, aipatutako Europa mailako sariez gain, argazkigintzako Goya sarietarako ere izendatu zuten. 

Abenduaren 19an elkarrizketa digitalean izan zen Rodriguez Uztarrian.