Urtarrilaren 15a arte oporrak izango dituzte Corrugados Azpeitiako langileek

Uztarria.eus 2013ko urt. 4a, 10:44

Gaur, ostirala, lanera itzuli dira Corrugados Azpeitiako langileak. 07:30ak pasatxoan abiatu dira plazatik Alfonso Gallardo Taldeak Landeta auzoan duen lantegira. Barrura sartu dira, eta ordu laurden inguru egon dira bertan. 

Sei hilabete greban egin ondoren, gaur, ostirala, lanera itzuli dira Corrugados Azpeitiako langileak, baina urtarrilaren 15a arte oporrak eman dizkiete. 07:30ak pasatxoan abiatu dira beharginak plazatik Alfonso Gallardo Taldeak Landetan duen lantegira, manifestazioan, hotzari aurre eginez. 07:57ak aldean iritsi eta sartu dira enpresara. 

Ordurako, enpresako bulego batzutan argia piztuta ikusten zen, eta sarrera nagusiko ateak zabalik zeuden. Kaletik etorri bezalaxe, pankarta aurrean hartuta sartu dira langileak enpresa barrura. Han, ordu laurden inguru egon dira eta 08:15ak aldera kalera atera dira, oporrak eman dizkietela jakin bezain pronto. Ondoren, Enpresa Batzordeko LABeko Esteban Kanposek eta ELAko Imanol Arrojeriak azalpenak eman dituzte bertan bildutako hedabideen aurrean. Urtarrilaren 15a arteko oporrak eman dizkietela eta hori langileei azaltzera enpresako inor ez dela azaldu kritikatu dute Enpresa Batzordekoek, "nagusietako inor ez da azaldu langileei azalpenak ematera eta hamar eguneko oporrak dituztela esatera". Langile bakan batzuk gaurtik hasiko dira lanean, "paper kontuak egiteko eta segurtasuneko mantenu lan batzuetarako", esan dute langileen ordezkariek.

ELA eta LABek osatutako Enpresa Batzordeko kideek azaldu dutenez, zuzendaritza datorren asterako bilera bat antolatzen ari da erakundeekin eta Enpresa Batzordearekin, hori jakinarazi zien atzo Gallardo Taldeko zuzendaritzak langileen ordezkari sindikalei "telefonoz eta posta elektroniko bidez jaso dugun mezu sinple batez".

Corrugados Azpeitiako langileek "negoziazioaren mesedetan" utzi dute greba.