Euria, haizea eta hotza nagusi

Uztarria.eus 2013ko urt. 15a, 14:36
Loiolabiden, Olazko biribilgunera iritsi aurretik, urak errepidea hartu du. (Nerea Uranga)

Udalak uholdeen kontrako protokoloa abian jarri du, eta herritarrei "arretaz ibiltzea eta prebentzio neurriak hartzea" gomendatu die. Nuarbeko Ibai-Eder urtegia gainezka da dagoeneko (%101,17an dago). Jada hasi da ibaietako ura herrira iristen. Loiolabiden, Olazko biribilgunera iritsi aurretik, putzu handia sortu da. Madalenan, berriz, erreka dator harrobiko bidetik behera eta hor ere putzu handia ari da sortzen. Lasaorako bidegorria itxi egin dute, arriskua saihesteko.

Elurrik ez, baina euria, haizea eta hotza dira gaurkoan nagusi Azpeitian. Eusko Jaurlaritzako Larrialdi Zuzendaritzak haizetea eta euriteagatiko alerta laranja bihar arte luzatu du, metro karratuko 80 litro euri egin ditzakela-eta. Nuarbeko Ibai-Eder urtegia gainezka da dagoeneko. Gipuzkoako Ur Kontsorzioaren arabera, %101,17an dago beteta.

Herriko ibaietan ere urak handi datoz, eta zenbait tokitan, Landetan, Ibai Eder pasatzen den zubian kasu, urari ez zaio asko falta gainezka egiteko. Loiolabiden, berriz, Olazko biribilgunera iritsi aurretik, Azkune aldetik zetorren urak errepidea hartu eta putzu handia sortu da.

Madalenan, berriro

Madalenan, berriz, erreka dator harrobiko bidetik behera eta hor ere putzu handia ari da sortzen. Auzoko batek zioenez, "ez da aurreneko aldia, beti igoal gabiltza, euria denean". Urak bideratzeko hoditeria badagoela kontatu du, "baina harrobiko hormigoiarekin eta zikinarekin estalita, eta inork ez du hori konpontzen".

Udaltzainek Madalenako ibai ondoko aparkalekua zintarekin itxi dute, urak gora eginez gero sor daitekeen arriskuagatik. Lasaorako bidegorria ere itxi egin dute, arriskua saihesteko.

Uholdeen kontrako protokoloa

Horren aurrean, Udala eta Udaltzaingoa egoera ebaluatzeko lanetan hasi dira, uholde arriskua dagoelako Azpeitian. Udalak, gainera, uholdeen kontrako protokoloa jarri du abian: larrialdi planeko ekintza-planean agertzen direnei abisua ematen ari da (udaltzainak, boluntarioak, obra eta zerbitzuetako langileak...) eta estolderia sarea ahalik eta garbien izateko neurriak hartu ditu.

Herritarrei "arretaz ibiltzea gomendatu eta ondorengo prebentzio neurriak hartzeko" eskatu die: erreka bazterretan eta ur-putzuak sor daitezkeen tokietan ez utzi autoak; ahal izanez gero autoa ez hartu; ahal dela, errepide nagusietan ibili autoan; inguruko estolderia ondo dagoen begiratu, eta hala ez balitz edo beste edozein arazoren aurrean udaltzainei (943 15 13 13) edo 112 larrialdi telefonora deitu. Horrez gain, Udalak portaletan bandoak jarri eta udaltzaingoek abisua pasatuko dute. 

Errepideen inguruko informazio eskuratzeko:  902-11 20 88 zenbakian eta trafikoa.net webgunean.