Corrugados Azpeitiako langileek aparteko lan sari bat ez kobratzeko proposamena egin diote Gallardoko Taldeko zuzendaritzari

Uztarria.eus 2013ko urt. 18a, 13:18
Corrugadoseko langileek Soreasu antzokian egin dute agerraldia.

ELA eta LABeko Enpresa Batzordeko ordezkariek azaldu dutenez, "guk egin diogun proposamenaren arabera, aparteko lan sari bat ez dugu kobratuko, etorkizunean bere errekuperazioa adostuta balego. Bestalde, langileen kaleratzeek borondatezkoak izan beharko dute, ez dugu onartzen lanaldia handitzea eta ezta soldatak murriztea ere". Gainera, berriz mobilizazioekin hasiko direla iragarri dute.

Gaur, ostirala, agerraldia egin dute Corrugados Azpeitiako langileek, greba utzi zutenik egin dituzte negoziazio saiakeren inguruko balorazioa egiteko. Soreasu antzokian egin dute agerraldia, dozenaka lagunek.

Azken egunotan Alfonso Gallardorekin eta haren aholkulariekin bi aldiz bildu dira Enpresa Batzordekoak: aurrena, Gasteizen eta "ezer berririk ez" zutela jaso esan dute. Joan den larunbatean, berriz, bi aldeak Burgosen elkartu ziren, eta bigarrengoan ere "ezer ez" zuela proposatu salatu dute ELA eta LABeko Enpresa Batzordeko ordezkariek. "Guk, negoziazioaren mesedetan, proposamena egin diogu, eta langileen kaleratzeek borondatezkoak izan beharko dute, ez dugu onartzen lanaldia handitzea eta ezta soldatak murriztea ere. Guk egin diogun proposamenaren arabera, aparteko lan sari bat ez dugu kobratuko, etorkizunean bere errekuperazioa adostuta balego", azaldu dute.

Afonso Gallardo Taldeari "bidezkoa eta txandakakoa den Lana Erregulatzeko Txostena hitzartzeko aukera eskaintzen diogu. Hori bai, konpromisoa eskatzen diogu langileei zor dizkien soldatak ordaintzeko, 400.000 tona ziurtatzen dituen industria-plana egiteko eta akordioak irauten duen bitartean langileen kontraturik ez murrizteko".

Azken fase honen hasieran "negoziaketei ekitea oso positiboa zela esan genuen, baina orain, kezkatuta gaude enpresaren jarrerarekin", azaldu dute. "Ez da gerturaketarik egon bi aldeen artean, enpresak ez du negoziatzeko asmorik, ez du aurrera egiten negoziazioak eta, beraz, geldirik dago. Kaleratzeekin, Lana Erregulatzeko Txostenarekin (LET) eta soldata murrizketekin jarraitzen du Gallardo Taldeak". Orain, "Gallardok erakutsi duen negoziaziorako jarrera oso negatiboa da. Enpresarekin jarraitzeko asmorik ez duenaren susmoa dugu". Horren aurrean, "mobilizazio fase berri bati hasiera emango diogu".

Inposatutako oporrak auzitara

ELA eta LABeko ordezkariek esan dutenez, "guk negoziaziorako erakutsi dugun jarrerari inposatutako oporrekin erantzun diote enpresako arduradunek". Lehenengo urtarrilaren 15era arte eman zizkioten oporrak, eta pasa den asteartean, berriz, hilaren 24ra bitartekoak. "Gure aurkako inposaketa da, erabakietan eragin ahal izateko hartu du erabakia enpresak, eta neurri horiek auzitara eramango ditugu".

"Oporrak aitzakia dira enpresa martxan ez jartzeko. Argi dugu, Azpeitiko lantegia orain, negoziatzen ari garen bitartean, ez bada martxan jartzen Gallardok enpresa martxan jartzeko borondaterik ez duela. Itxiera patronalaren eta 300 langile baino gehiago kaleratzearen aurrean egon gaitezke". Enpresa Batzordeko ELA eta LABeko kideek gaineratu dutenez, "greba utzi genuenean esan genuen borrokak jarraitu egiten zuela, eta negoziazioaren bidetik etorriko da konponbidea, ez inposaketaren bitartez".