Madalenako ospitale zaharra berreraiki egingo dute jesulagunek

Urola Kostako Hitza 2013ko mar. 15a, 18:03
Madalenako ospitalea zena berreraikitzeko lanak urte bukaera alderako amaituta izatea espero dute. (NEREA URANGA)

Interpretazio zentru bat jartzea dute helburu, "Inaziotar espiritualitatearen edota bidearen" erakusgarri izateko. Azpeititik Loiolako santutegira arteko bisita lerroa osatu nahi dute eta, bide batez, proiektuak Madalena auzoa eta alde zaharra biziberritzen lagunduko duela uste dute jesulagunek. Lanak zortzi bat hilabetez luzatuko dira.

Madalenan ospitalea izan zen eraikina eraberritzeko lanak hasi dituzte. Loiolako jesulagunek eraberritu eta interpretazio zentru bat jartzea dute helburu, "Inaziotar espiritualitatearen edota bidearen" erakusgarri izateko. "Lehen ospitalea izan zela kontuan hartuta, Jesusen Lagundiak asistentzia arloan egiten duenaren erakusgarria izatea da asmoa", dio Jose Manuel Añon jesulagunak, eta eraberritze lanaren arduradunak.

Madalenako ospitalea eraberritzen dutenean, Azpeititik Loiolako santutegira arteko bisita lerroa osatu nahi dute: Madalenako baseliza eta ospitalea (Loiolako Inazio bertan egon zen hiru hilabetez zauritu zutenean, 1535an), Azpeitiko Sebastian Deunaren parrokia (han dago bataiontzia) eta Loiolako santutegia.

Baina ez hori bakarrik. Madalenako ospitalea eraberritu eta bisita gune bezala martxan jartzeak Madalena auzoa eta alde zaharra biziberritzen lagunduko duela uste dute jesulagunek. "Azpeitia erabat Loiola aldera hazita dago, eta Madalena aldea tamalgarri dago. Uste dut, ospitalea eraberrituta, alde zaharreko inguru horri balioa emateko gure alea jarriko dugula", azaldu du Añonek.


(Nerea Uranga/Hitza)

Lanak hasi aurretik erortzear zegoen Madalenako ospitalea izan zena. "Barrutik erabat habetuta" zegoen. Eraberritu ezean, goitik behera eroriko zela dio jesulagunak. Berritzeko proiektua Anton Lopez Aberasturi arkitektoak egin du, eta lanean Amenabar enpresa ari da. "Arkitektoa Loiolako Etxe Santua eraberritu zuen bera da, baita Xabierko eraberritzea egin duena ere".

Eraikina goitik behera berritu beharko dute. "Lehengo zaharraren itxurakoa egingo da, barrua dena zurezkoa duela. Lehengotik ahal dena mantentzen saiatuko gara; esaterako, horma batean leihatila gotiko bat dago, harrian egina. Bestalde, tradizioak dio eraikinaren lehen solairuan San Inazioren egoitza zegoela. Baina ez dakigu oraingo eraikinetik zenbat berreskuratzeko modua izango den". Madalena auzoko 14, 15 eta 16 zenbakiak dira eraikinarenak, baina eraikin bat eraitsi egin dute, "gerora erantsitakoa delako".

Berreraikitzeko obrek 500-600 mila euro inguruko aurrekontua dute. Jesusen Lagundia arduratuko da kostuaz. "Obrei ekiteko zati bat bagenuela-eta hasi egin ditugu. Azpeitiko Udalak zuzenean laguntzarik ez digu eman, baina egon daitezkeen trabak kentzen laguntzen ari da; portatzen ari da".

Ospitalea eraberritzeko zortzi bat hilabete beharko dituzte. "Uda pasatu ondorenerako bukatuko dira. Eguberriak gainean izango ditugu".

XVI. mendekoa

Madalenako ospitalea XVI. mendean eraikitakoa da. Datuen arabera, 1520an edo 1521ean martxan zegoen. Izurriteren bat zutenen eta legenardunen erietxea izan zen lehenbizi, baina gero etxebizitza moduan ere erabili zuten. "Paperek diotenez, azken biztanleak Etxeberriatar familiakoak izan ziren. Jesulagunek erosi aurretik Sierbena izan zen eraikina. 1927 inguruan erosi zuen Jesulagunen Lagundiak", dio Añonek.

Loiolako Inazio 1535ean egon zen Madalenako ospitalean, "ez zuelako Loiolako dorretxera joan nahi". 1935ean, Inazio han egon zeneko laugarren mendeurrena ospatzeko, Madalenan ekitaldi bat egin zuten. "Ordukoak dira Madalena baselizaren atarian San Inazio agertzen den bi irudiak". Baseliza aurretik berreraiki zuten, XX. mendearen hasieran.