Sariak banatuta, zabalik da sokamuturreko argazki erakusketa

Uztarria.eus 2013ko mar. 18a, 12:14

Zapatuan banatu zituzten Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatutako karnabaletako sokamuturraren inguruko XXXIV. Imanol Elias Argazki Lehiaketako sariak, Betharrametako aretoan. Lehen saria, Juan Mari Amenabar 'Otola'-k irabazi zuen 'Zezenaren arriskuak' argazkiari esker (beheko zerrendan, seigarrena da), eta garaikurra nahiz 365 euro eskuratu zituen. Bigarrena, Valen Garcia izan zen 'Elkarlanean' argazkiarekin, eta 235 euro eta garaikurra jaso zituen. Carlos de Cos izan zen hirugarren saritua, 'Ya bajaras' irudiarekin, eta 200 euro eta garaikurra irabazi zituen.

Laugarren eta bosgarren sailkatuek ere sariak jaso zituzten. Laugarren postua Alberto Belokirentzat izan zen, 'Ez nauk harrapatuko' irudiagatik, eta 120 euroko saria eskuratu zuen. Alex Berasategi izan zen bosgarrena 'Lepotik helduta re bai' argazkiari esker, eta 80 euro jaso zituen.

Bost sari horiez gain, Altzarte saria ere banatu zuten. Karnabal giroko argazki onenari ematen diote sari hori, eta Alex Berasategiren 'Zer pasatuko da' izan zen garailea. Hori dela-eta, 150 euro eta plaka jaso zituen Berasategik.

21 argazkilarik hartu dute parte Sokamuturra Argazki Lehiaketan, eta 117 argazki jaso dituzte orotara. Martxoaren 31ra bitartean izango dira ikusgai argazki guztiak, Betharrametako aretoan. Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara.

Hemen, sari banaketako argazki gehiago: http://www.azpeitikoargazkielkartea.com/eu/lehiaketak

---
Argazki Elkartea. Sorrera: 1984. / azpeitikoargazkielkartea@hotmail.com / Argazkiaren arloan Euskal Herriko elkarterik zaharrenetakoa da Azpeitikoa. Bere ibilbidean hainbat ekitaldi antolatu du: rallyak, lehiaketak, ikastaroak. / azpeitikoargazkielkartea.com / Informazio gehiago: azpeitikokulturmahaia.com/taldeak