Sokako Zezenaren X. Kongresura joateko izen ematea zabaldu du Zezen Beltzek

Uztarria.eus 2013ko api. 10a, 11:59
Zezen Beltzen elkartean Chivarako irteera aurkezten Udaleko festa zinegotzia eta Zezen Beltzeko kideak.

Ekainaren 28tik 30era bitartean Chivan (Valentzia, Herrialde Katalanak) izango da kongresua, eta irteeran parte hartu nahi duten sokamuturzaleek izena eman dezakete maiatzaren 10a bitartean. Izena emateko inprimakia Zezen Beltz elkartearen webgunean edo udaletxeko harreran eskuratu daiteke.

Sokako Zezenaren X. Kongresua izango da ekainaren 28tik 30era bitartean Chivan (Valentzia, Herrialde Katalanak), eta bertan Azpeitiko sokamuturra izango dute hizpide, besteak beste. Hori dela-eta, bertan izango dira Zezen Beltz elkarteko kideak, herriko sokamutilak eta Azpeitiko sokamuturrean ibiltzen den Bergarako Zezenak ganadutegia. Azpeitiko argoila bat ere eskatu zuten antolatzaileek, eta Zezen Beltzekoek bidali dute dagoeneko hara.

Irteeran parte hartu nahi duten sokamuturzaleek izena emateko epea zabaldu du Zezen Beltzek. Azpeititik ekainaren 28an, ostirala, aterako dira autobusez, 09:00etan anbulatorio aurretik, eta ekainaren 30ean itzuliko dira Chivatik, 14:00ak aldera. Izena emateko inprimakia Zezen Beltz elkartearen webgunean edo udaletxeko harreran eskuratu daiteke.

Irteeran parte hartzeko 110 euro ordaindu behar dira, Kutxabank-eko 20955029109112642929 kontu zenbakian, kontzeptu gisa izen-abizenak jarrita, apirilaren 8tik maiatzaren 10a bitartean. Ondoren, izena emateko orria eta ordainagiria Azpeitiko Udaleko Kultura Sailean entregatu beharko dira edo ordainagiria eskaneatuta eta izena-emateko orriarekin batera info@zezenbeltz.com helbidera bidali ahal izango da.

110 euro horiek ordainduta, ordainean, autobuseko bidaia, bi gau, lau otordu eta bidaian egingo diren mokaduak sartzen direla azaldu dute antolatzaileek (bidaiaren xehetasunak).

Hamahiru herri

Chivako Sokako Zezenaren X. Kongresuko hiru egunetako batean emango dute Azpeitiko sokamuturraren berri; ekainaren 29ko goizean, hain zuzen ere. Azpeitiaz gainera, kongresuan parte hartuko duten beste herriak honakoak izango dira: Grazalema (Cadiz, Espainia), Lodosa (Nafarroa, Euskal Herria), Benavente (Zamora, Espainia), Fornalutx (Balear irlak, Herrialde Katalanak), Cuenca (Espainia), Beasde Segura eta Arroyo de Ojanco (Jaen, Espainia), Cabreton (Errioxa, Espainia), Amposta (Tarragona, Herrialde Katalanak), Teruel (Aragoi, Espainia), Santa Barbara de Burriana (Valentzia, Herrialde Katalanak), Ontiyent (Valentzia, Herrialde Katalanak) eta Chiva.

Herri bakoitzak bere ganadua izango du erakustaldirako. Azpeitikoaren kasuan, Bergarako Zezenak ganadutegiko bi idisko aterako dituzte. "Zezenak bezperan kamioian eramango dira, eta gero¡ han geratuko dira, bertako batek erosi dituelako", azaldu dute Zezen Beltz elkartekoek. Azpeitiko sokamutilak ibiliko dira sokan. Horrez gain, kongresuan Azpeitiko sokamuturra. Soka ez da eten dokumentalaren laburpen bat ere eskainiko dute.

Zezen Beltz elkartekoek herriko sokamuturzaleak irteeran parte hartzera animatu dituzte. Festa zinegotzi Mikel Ibarzabalek hala azaldu du: "Azpeitian dugun festa baten berri herritik kanpo emateko aukera da kongresuan parte hartzea".

Aurtengo jai karnabalean Chivako bi sokamuturzale Azpeitian izan ziren, herriko sokamuturra gehiago ezagutze aldera (hemen orduko argazkia). Valentziako herri hartako sokako zezenak ere tradizio handia du: 300 urtekoa.

Chivan ekin zioten kongresua antolatzeari, 2002an. Orain berriro hartuko ditu, beraz, topaketak (kartela). Iaz Ontinyent-en (Valentzia) izan zen kongresua.