Corrugados Azpeitiako 300 langile eta Lasaoko 38 kaleratzeko txostena aurkeztuko du Gallardok

Uztarria.eus 2013ko api. 17a, 22:28

Azpeitikoei eragingo dien txosten berean Extremadurako beste bi lantegitako beharginen lan-eteteak ere sartu ditu enpresa taldeak, Lana Erregulatzeko Txosten (LET) bateratuan. Gallardo Taldearen ordezkariek gaur, asteazkena, aurkeztu dizkiete agiriak langileen ordezkariei, Madrilen.

Corrugados Azpeitiako 300 langileak eta Corrugados Lasaoko 38 (plantillan 68 daude) kaleratzeko baliatu nahi duen Lana Erregulatzeko Txostena aurkeztu zien Gallardo Taldeak langileen ordezkariei atzo, asteazkena, Madrilen taldeak dituen bulegoetan. 

Hara deituak zituen enpresak arratsalderako, eta han izan dira Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasaoko enpresa batzordeetako ordezkariak. Orain artekoetan ez bezala, Azpeitiko lantegiei eragingo dien kaleratzeko Lana Erregulatzeko Txostena (LET) ez du Gallardo Taldeak Donostiako Lan Delegaritzan aurkeztuko. Izan ere, Extremadurako Jerez de los Caballeroseko Ferromallas eta Siderurgica Balboako beharginen kaleratzeak ere txosten berean sartu ditu Gallardok. Horrela, LET-a Madrilen aurkeztuko du, datorren asteartean. Eta sindikatuek helegiteren bat aurkeztu gero, Madrilgo epaitegietan erabakiko litzateke.

Hain zuzen ere, langileen ordezkariek aurreratu dute enpresaren asmoari alegazioak aurkeztu dizkiotela, lantegi bakoitzaren txostenak modu indibidualean aztertuak izan daitezen eskatuz, batzuen eta besteen egoerak ere ez direlako berdinak.

Martxora arte irabaziekin

Orain Lana Erregulatzeko Txostena ezartzeko aitzakia bezala enpresak dituen galerak jartzen dizkiela esan du Larrañagak. "Baina Corrugados Lasaok martxora bitartean irabaziak izan ditu. Ahalegin pixka bat eginez gero denontzako lana dagoela badakigu, hor daude zenbakiak. Baina, garbi gauza bat daukagu, gure enpresa alboratuta eduki du Gallardo Taldeak eta lehengaia ekartzeko ahaleginik ere ez du egin". Lasaoko enpresa bideragarria dela uste dute langileek eta hori defendatzen segituko dutela nabarmendu du Lasaoko langileen ordezkariak.
 
Lana Erregulatzeko Txostena lau enpresei batera sartu nahi diela kritikatu zuten atzo bileratik irten ondoren Corrugados Azpeitiako eta Lasaoko enpresa batzordeetako ordezkariek. Enpresa bakoitzak bere txostena eta bere negoziazioa behar dituela adierazi zieten langileek nagusiei. "Hau sinestezina da, gurekin batera taldeko beste bi enpresa txikiri ezarri nahi diete txostena. Enpresa bakoitzaren kasua eta arazoa desberdina da; guretik denok kaleratuko gaituzte eta beste batetik hamar", zioen zuzendaritzarekin izandako bileratik irten ondoren Azpeitiko plantako Esteban Kanposek.
 
Lasaoko langileen ordezkariek ere enpresa bakoitzarekin banaka negoziazioak hasteko eskatu diote Gallardo Taldeko zuzendaritzakoei. "Enpresa bakoitzarekin negoziatu behar du eta ez denokin batera, hori esan diegu bileran eta alegazioa ere sartu dugu hori eskatuz. Azpeitiako eta Lasaoko plantak lau kilometrora daude, baina bi enpreson problematika eta egoera ez da berdina" .

Negoziazioa kanpora aterata

Negoziazioa kanpora aterata Gallardo Taldeak lana erregulatzeko dosierrak Madrilgo Lan Zuzendaritzan aurkeztuko ditu datorren asteartean. Aurreko txostenen kasuan ez bezala Euskal Herritik kanpo.

Enpresetako negoziazioa Euskal Herritik kanpo atera izana salatu egin dute Corrugados Azpeitia eta Lasaoko langileen ordezkariek. "Gu Euskal Herrian gaudela eta negoziazioa bertan eman behar dela esan diogu zuzendaritzakoei; alegazioa ere sartu dugu. Hurrengo bilera, hilaren 26rako deitu du zuzendaritzak, Madrilen eta bertan ere lau enpresetako ordezkariek hartuko dugu parte", azaldu du Lasaoko langileen ordezkariak.