Jose Maria Guibert izango da Deustuko Unibertsitateko errektore berria

Uztarria.eus 2013ko mai. 2a, 17:01

Jaime Oraaren lekukoa hartuko du aurki, eta Deustuko Unibertsitateak bere webgunean jakinarazi duenez, laster adieraziko dute noiz izango den kargu-hartzea. Igeniaritza Fakultateko katedraduna da azpeitiarra, eta 1982tik da Jesusen Lagundiko kide. 1993an apaiztu zen.

Jose Maria Guibert Ucin (Azpeitia, 1962) izango da Deustuko Unibertsitateko errektore berria, Jaime Oraaren lekukoa hartuta. Deustuko Unibertsitateak bere webgunean jakinarazi duenez, aurki adieraziko dute noiz izango den kargu-hartze ekitaldia. 

Ingenieritza Fakultateko katedraduna da azpeitiarra eta Industria Teknologia saileko burua izateaz gain, Etika Aplikatuko Zentroaren burua da. 1982tik da Jesusen Lagundiko kide, eta 1993an apaiztu zen.

Deustuko Unibertsitatean beste kargu batzuk ere izan ditu 2003az geroztik. Besteak beste, 2003 eta 2008 artean Donostiako Kanpuseko errektoreordea izan zen, 2003 eta 2007 urteen bitartean, Misioa garatzeko Errektorearen eskuorde gisa aritu zen eta, 2004tik 2008ra artean, Deustu Fundazioaren Patronatuko kidea izan zen.

1996tik Industria Ingenieritzako Doktorea da eta Londresen Enpresen Administrazioaren gaineko masterra (2010) du eginda. Gainera, Ameriketako Estatu Batuetan, Berkeleyn, Teologian lizentziatu zen 1994an eta Deustuko Unibertsitatean Eliz ikasketen lizentziatura burutu zuen. Hainbat argitalpen ere aterata du azpeitiarrak. Hala nola, ingenieritzari, gizarte eta enpresa erantzunkizunei, lidergoari eta etika profesionalari lotutakoak.