Zubi lana egiten ez duen zubia

Urola Kostako Hitza 2013ko mai. 16a, 20:25
Amueko zubia Corrugados Azpeitiako fundizioaren eta laminazio gunearen artean gelditu zen, kamioien pasabidea bertan zuelako. Alde batean harrizko petril bat eraiki zuten. (NEREA URANGA)

Amueko zubiak Azpeitiko herriaren historiaren bilakaera jasotzen du, XVI. mendetik gaur arterainokoa. Altzairutegi handi baten itxierak itxi zuen zubia, eta orain lantegia da ixtear dagoena. 

Garai batean herritarrentzako Errezil eta Urrestilla aldetik datozen urak biltzen dituen ibaiaren ertz batetik bestera igarotzeko zubi lana egiten zuen eraikuntza ezkutuan dago egun. Amueko zubi zaharra herriak azken mendeetan izan duen bilakaeraren erakuslea da. Tailer artean galduta dago. Zubi lana egiten ez duen zubia da,batetik bestera pasatzeko aukerarik ematen duena. Itxita dago zubia orain dela zazpi urtetik; 2006ko maiatzean, pasoa itxiz, harrizko petril bat egin zioten mutur batean.

Harrizkoa izan aurretik egurrezko zubia zen Amuen. Imanol Elias Odriozola historialaria zenak Azpeitia, Historian zehar liburuan azaldu zuenez, 1557.urtekoa da Amueko zubiari buruz ezagutzen den aipamen zaharrena. Orduko berrien arabera,jatorrizko Amueko zubia egurrezkoa zen. Baina eraitsi egin zuten, eta asmoa egurrezko beste bat egitea zen, erdian pilare bat altxatuta, zubiari eusteko. Baina 1602an berriz galdu zen. Garai hartan Juan Apoita maisuak aurkeztutako ideia onartu, eta Juan Gaspar Hernandosoro eta Garzian Egaña maisuek egin zuten berria.

1750ean Isidro Aburuza arginak koponketa lanak egin zituen zubian. Baina eraikuntza hark hainbat buruhauste eman zuen. Hau da, 1936an, gurdiekin igarotzeko aldapa handia zuela eta, zenbait herritarrek zubiaren inklinazioa txikitzea eskatu zuten. Gipuzkoako Foru Aldundiari bidali zion Azpeitiko Udalak herritarren eskaera, baina erabakia udalari zegokiola erantzun zuen hark.

Gipuzkoako monumentu gisa izendatua dago Amueko zubia. Azpeitiko beste eraikin batzuekin batera, hala izendatu zuen 1956ean Gipuzkoako Foru Aldundiak. Besteak beste, Basazabal eta Antxieta etxeak, Madalenako baseliza, Altuna, Errekarte, Loiola eta Elizkaleko platerezko erako etxea izendatu zituzten lurraldeko monumentu.

Igerian ikasteko tokia

Herriko beste hainbat ibai bazter bezalaxe, Amue ingurua ere igerian ikasteko tokia izandakoa da hainbat azpeitiarrentzako, Imanol Eliasek Gaztaroko kronikak liburuko pasarte batean jaso bezala. Orain dela 60 urte inguruko udatan, Amue zubiaren inguruan ikuskizun ederra sortzen zela kontatzen du liburuan: Benetan une paregabea zen igerian gozatzeko, eta asko eta asko biltzen ginen bertan.

Amueko zubitik bertatik jauzi egindakoak ere baziren. Pasarte bat eskaini zion horri ere: Ikusmin izugarria sortu zen, eta isiltasuna nagusi. Garrasi bat bota eta uretara saltatu zuen, han bilduta geundenon txalo artean. Patxi Kintela zen, gu baino helduagoa.

Baina zubiak bere funtzioa eta udako aisialdirako aukera guztiak aspaldi galdu zituen. Industriak jan du. Corrugados Azpeitia enpresaren fundizioaren eta laminazio gunearen artean gelditu zen. Kamioien pasabidea dago bertatik. Oinezkoentzako handik ibiltzea arriskutsua zela-eta 2006an harrizko petril bat egin zioten zubiari, ondoan oinezkoentzako altzairuzko zubi edo pasabidea eraikiz.

Herriko historiaren isla

XVI.mendeko harrizko zubiaren lana XXI.mendeko beste batek ordezkatu zuen. Berria egunkarirako Kepa Urbietak Jose Luis Otamendi idazle azpeitiarrari 2006an Bazterretik atalareko egindako elkarrizketan, idazleak Amueko zubiaz jardutea aukeratu zuen. «Errealitatearen erakuslehio da zubia», zioen orduan Otamendik. «Ez dut bereziki motibatzen nauen lekurik; ez, behintzat nik dakidala. Baina sormenaren edo nire bizitzaren inguruan ditudan pentsakizun batzuk islatzen dituen lekua da hau, bizitzaren koskak eta kontraesanak laburbiltzen dituena>>.

Imanol Elias zenak bere lehen eleberriari izenburua jartzeko ere aukeratu zuen: Amuko zubia (1988). Fundiziyue(1994-2004)musika taldeak, berriz, zubian ateratako irudiak ere baditu.

Amueko zubia itxita dago, baina zubia ixtea eragin zuen Corrugados Azpeitia enpresa ere itxi egin nahi dute, 300 langile kalean utziz. Oraindik orain Amueko zubiak herriko historiaren bilakaeraren erakusle izaten segitzen du.