Ikasgeletan erabakiko dituzte Done Jakue kaleko parkerako jolas berriak

Uztarria.eus 2013ko mai. 21a, 20:55
Done Jakue kaleko parkea husten hasita daude.

Jolaslekua eraberritu egingo du Udalak. 6 eta 12 urte artekoentzat egokitutako gunea prestatzea dute helburu eta parte-hartze prozesua jarri dute abian herriko ikastetxeekin, aipatu adin tarteko haur eta gaztetxoak izan daitezen parkearen edukia zehaztuko dutenak. Alde Zaharra biziberritzeko proiektuaren barruan kokatu dute ekimena.

Alde Zaharraren biziberritzeari lotuta eta, zehatzago, Done Jakue edo Santiago kalean egingo dituen lanen barruan, Udalak hango jolas-parkea eraberritzeari ekingo dio laster. Parkean zeuden hainbat jolas dagoeneko kendu eta Matxinbentara toki aldatu dituzte. Orain, jolaslekuari itxura eta eduki berria ematea tokatzen da eta, horretarako, parte-hartze prozesu berria jarri dute abian, kasu honetan ikastetxeekin. Izan ere, 6 eta 12 urte artekoei zuzendutako parkea osatu nahi du Udalak eta adin-tarte horretan daudenen iritzia kontuan hartzea erabaki dute, gelaz gela egingo dituzten galdeketen bidez.

Azpeitiko Ikastola Ikasberri, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai eta Iraurgi Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako ikasleek hartuko dute parte, horrenbestez, Done Jakueko parke eraberrituaren nondik norakoen erabakian. Hiru ikastetxeotako ordezkariek eta Mari Jose Iturria eta Aritz Epelde zinegotziek elkarrekin aurkeztu dute parte-hartze prozesu hori. Epeldek gogora ekarri duenez, ikastetxe eta ikasleekin egingo dena bigarren urratsa izango da, "aurrena bizilagunen iritziak entzun eta proposamenak jaso" dituztelako. "Bizilagunen proposamenak jasota, jolas-parkeak hartuko duen lur-eremua zehaztu da. Jarraian, obra proiektua martxan ipini eta parkerako proiektu desberdinak bildu ditu Udalak".

Ikastetxeetakoak eta Udalekoak, parkerako dauden bi proiektuen irudiekin.

Bi proiektu aukeran

Proiektu horien artetik bi aukeratu dituzte eta, hain zuzen ere, bi horien arteko aukeraketa da orain ikasleek egingo dutena. Aste honen erdialdetik datorren aste erdialdera bitartean, herriko LHko ikasgela guztietan landuko dituzte aukeran dauden bi proiektuak, baita horien artetik gustukoena zein duten erabaki ere.

Done Jakuerako parke berriaren proiektuak aurrez ezarritako hainbat irizpide kontuan hartuta landu dira, Mari Jose Iturriak nabarmendu duenez. Aipatutako adin-tartea zehazteaz gain, "jolas kolektiboak bultzatzea, genero ikuspegia kontuan izatea, daukagun klima kontuan hartzea, hizkuntza irizpideak, ikuspegi ekologikoa, irisgarritasuna eta segurtasun eserlekuak dira ezarri ditugun irizpideak".

Bai Iturriak, bai Epeldek, Done Jakueko parkea eraberritzeko parte-hartze prozesuaren garrantzia azpimarratu dute. "Bi helburu nagusi bete" nahi dituztela esan du Iturriak, "parte-hartzearen lanketa pedagogikoa egin eta parte-hartzearen kultura generazio berrietan ere hedatzea batetik, eta bestetik, Done Jakueko jolas-parke berria eta herriko haurren arteko sortzea". Epeldek, bere aldetik, ikastetxeei "eskerrak eman" dizkie "parte-hartzearen sustapena egiten laguntzeagatik eta erakutsi duten prestutasunagatik".

Done Jakueko parkea eraberritzeak 72.000 euro inguruko aurrekontua izango du.