Plaza, Errebala eta Goikokale oinezkoentzat, zapatu eguerditik igande gaueraino

Uztarria.eus 2013ko mai. 23a, 18:42

Zapatu honetatik hasita, asteburuero itxiko dute Artzubitik ibilgailuentzako pasoa. Larunbatero, 13:15erako atera beharko dituzte plazatik han aparkatutako kotxeak.

Alde Zaharra biziberritzeko lanak eta ekimenak aurkeztu zituen Udalak joan den astean. Oinezkotzearen aldeko hainbat neurri aipatu zituzten orduan, eta horietako batzuk astebukaera honetan jarriko dituzte indarrean.

Horrela, plaza Nagusia, Bustinzuriko Errebala eta Goikokale soilik oinezkoentzako gune izango dira, zapatu honetan hasita, astebururo zapatuko 13:15etik igandeko 22:00ak arte. Ibilgailuen pasoa Artzubian itxiko dute eta, larunbatero, 13:15erako atera beharko dituzte plazatik han aparkatutako kotxeak. 2011ko udazkenetik, igandeetan kotxerik gabeko gunea izan da plaza.

Hamaikabaten iritzia

Hamaikabatek gaur, osteguna, plazaratu du Udala Alde Zaharra biziberritzeko hartzen ari den neurrien gaineko balorazioa. "Hamaikabati positiboa iruditzen zaio Udalak sare urbanoko espazioen oinezkotzea bultzatzea. Hori bai, beti ere bertan bizi direnen eta dendarien adostasunarekin egiten bada. Baina galdetu beharko genuke, baita ere, kale bat oinezkoentzat egiteak, berak bakarrik, ingurune horri biziberritzen laguntzen eta jendea erakartzen ote duen.  Eta Hamaikabati iruditzen zaio ezetz", dio Aitor Aranguren zinegotziak sinatutako idatziak.