Azpeitiko ikastetxeak eskola berde izateko bidean

Uztarria.eus 2013ko mai. 23a, 21:30
Ikastetxeetako ordezkariak, Udalekoak eta teknikariak, Ingurugiro Etxearen atarian.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Iraurgi Ikastetxean eta Urola Ikastolan sortzen duten hondakin organikoa autokonpostatzen hasi dira. "Ingurumenarekiko hezkuntzaren bidez, herritarren sentsibilizazioa bultzatu eta hondakinen kudeaketa egoki baterako bidea egiten hastea" da gaur aurkeztu duten ekimenaren helburu orokorra.

"Eskola Berdeen asmoa, naturarekin harremanetan egonik, hau ulertuz, honen funtzionamendua laguntzea da, eta giza-eraginak uzten duen arrastoagatik, hondakinen kudeaketa hartzen du ardatz. Ekimen honi esker hezkuntza zentroak zaborrik gabeko eskolak bihurtzen dira, eskolak sor ditzakeen hondakinak ahalik eta gehien murrizten dituelako, eta sortutakoak, berrerabili edo birziklatzeko konpromisoa hartzen duelako". Horrela azaldu dute gaur, osteguna, Ingurugiro Etxea Museoan proiektua prentsaurrean aurkeztu duten herriko hiru ikastetxetako ordezkariek.

Azpeitiko Ikastola Ikasberri, Iraurgi Ikastetxea eta Urola Ikastolako ordezkariek hartu dute hitza, alboan Udaleko Hezkuntza eta Ingurumen arduradunak eta proiektua gidatuko duten teknikariak zituztela. Hiru ikastetxe horietan sortzen duten hondakin organikoa ikastetxeetan bertan konpostatzen hasten hasi dira, hirutan bat den konpromisoa hartu eta praktikan jarrita: "Konpromiso bat eskola berde eta arduratsu izateko bidean, konpromiso bat gure hondakinen arduradun izateko bidean eta konpromiso bat, gure eskolak ikasleen heziketarako ez ezik, Azpeitiko herriaren berheziketa arduratsurako ere tresna izan daitezen". Leire Etxaniz zinegotziak azaldu duenez, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain ere sortzen duten organikoa -jangelakoa, nagusiki- kudeatzen dute jada, bosgarren edukiontzira bideratuz, "eta haiek orain arte bezala jarraitzea nahiago izan dute, sortzen duten kopuruagatik autokonposta baino bideragarriago dela uste dutelako".

"Urrats txikia baina garrantzitsua" dela uste dute ikastetxeek autokonpostarena, "lehen beste norabait eramaten zena orain guk geuk kudeatzen dugulako, modu arduratsu, ekologiko eta merkean". Agenda 21en barruan eta Ingurugiro Etxearekin lehendik egindako "hainbat lanketetan sakontzeko aukera" ere ematen diela nabarmendu dute eta, "honen atzetik, Eskola Berdera bidean beste urrats batzuk egiteko modua eskainiko" diela.

Hezkuntza zentroetan hondakin asko sortzen dela ekarri dute gogora, baita organikoa ere, batik bat jangelak dituztenetan. Aipatutako hiru ikastetxeetan badute zerbitzu hori eta, nolabait, azaldu dute orain arte ere saiatu izan direla hondakin organikoari irtenbide bereiztua ematen. Hemendik aurrera hondakinen horien kudeaketa zabalagoa egitea dute helburu.

"Ingurumenarekiko hezkuntzaren bidez, herritarren sentsibilizazioa bultzatu eta hondakinen kudeaketa egoki baterako bidea egiten hastea" da gaur aurkeztu duten ekimenaren helburu orokorra. Ikasle, irakasle eta bestelako langileek osatzen duten hezkuntza komunitatean ez ezik, ikasleen gurasoengan eta horien bidez, oro har, herritarrengan eragitea baita nahi dutena. "Ikasle txikienen artean artean ingurumenarekiko errespetuan oinarritutako ohiturak sortu nahi ditugu, baina zeharka bada ere, gurasoengan eta herritarrengan eraginez".