Jagoba Beobide: "Urte hau niretzako izugarria izan da"

Uztarria.eus 2013ko eka. 6a, 21:16
Jagoba Beobide, Alavesekin Sanseren kontra jokatutako partidan. (deportivoalavesbetizurekin.blogspot.com)

Alavesekin Espainiako 2. A mailara igo eta lorpena ondo ospatu ondoren, oporrak hartu aurretik geratzen zaizkion bi partidak prestatzen ari da Jagoba Beobide (Azpeitia, 1987) futbolaria. Urtebeterako kontratua sinatu zuen joan den udan Gasteizko taldearekin eta oraindik ez daki jarraituko duen ala ez. "Kontratu berritzea iristen bada oso gustura hartuko nuke baina nahiago dut hankak lurrean edukitzea", dio.

Liga lehen postuan bukatu eta 2. A mailara igotzea lortu du Alavesek. Espero al zenuen?

Gure lehenengo helburua play-off-etan sartzea zen eta, ahal izanez gero, sailkapeneko lehen postuan bukatzea, horrek igoerarako kanporaketei begira gauzak dezente errazten dituelako. Hasierako planteamentu horretan, nola ez, azken helburua eta garrantzitsuena igoera lortzea zen. Oso pozik gaude, ez delako batere erraza. Urte osoan aritu gara, entrenamenduz entrenamendu, helburu hau lortzeko eta azken txanpara momentu onenean iristeko lanean. Azkenean aprobetxatu dugu, eta oso pozik.

Partida asko jokatu dituzu eta maila onean. Zer balorazio egiten duzu zeure denboraldiaz?

Zortea izan dut, entrenatzaileak urte osoan zehar konfidantza eman didalako. Hori niretzat oso inportantea izan da. Denboraldi hasieran gauzak ondo atera zitzaizkidan eta taldeari ere bai, partida eta emaitza onak izan genituen; hasieratik hor goian egon ginen eta, alde horretatik, ezin gara kexatu. Gero, Gabon inguru horretan, lehen itzuliaren bukaeran lesioekin-eta ibili nintzen eta momentu txarra pasatu nuen. Partida dezente jokatu gabe geratu nintzen, eta jokatzen nituenetan  ere erdipurdi, ez nengoelako ehuneko ehunean. Baina pixkanaka buelta eman nion horri eta, nahiz eta oraindik arazotxokein ibili, denboraldia nahiko ondo bukatzeko aukera eduki dut.

Zenbaterako kontratua duzu Alavesekin? Datorren deboraldian hor jarraitzeko asmotan?

Urtebeterako kontratua sinatu nuen eta, momentu honetan, denboraldi amaieran libre geldituko nintzateke. Datorren urtean ere Alavesen jarraitzea nahiko al nuken galdetuz gero... Urte hau niretzako izugarria izan da, bai indibidualki eta bai talde mailan. Helburu guztiak bete ditugu ligan, eta Kopan Bartzelonaren kontra jokatu genuen. Zaleak ere beti gainean egon dira, beti ondoan sentitu ditugu, eta ni oso pozik egon naiz.

Momentuz ez dut jarraitzeko eskaintzarik jaso eta nik uste dut hankak lurrean eduki behar ditudala. Ilusiorik egitea ere ez dut nahi, gero kolpe gogorra hartzea ez delako batere ederra izaten. Kontratu berritzea iristen bada oso gustura hartuko nuke baina, esan bezala, nahiago dut hankak lurrean edukitzea.

Zure lehen aukera Alavesen jarraitzea dela esan genezake, orduan. Beste eskaintzarik izan al duzu?

Ez. Dena den, uste dut oraindik goiz samar dela. Denboraldia ere ez dugu bukatu, 2. B maila osoko txapelduna erabakitzeko Teneriferen kontra jokatu beharreko bi partidak geratzen zaizkigu [asteburu honetan Gasteizen eta hurrengoan Kanariar Irletan]. Argi dago, urtea joan den bezala joanda, nire lehenengo helburua hemen jarraitzea litzatekeela, baina inoiz ezin da jakin. Oraingoz ateak irekita dauzkat; ez dakit ezer, ez beste talderik atzetik dudan ala ez. Futbolean horrelako egoerak urduritasun momentuak izaten diren arren, onena lasaitasunarekin hartzea da.

Igoera ospatzen ikusi zaituztegu, Gasteizko Amara Zuriaren plazan eta. Nola bizi izan zenuen esperientzia?

Orain dela lau urte Irungo Real Unionekin ere 2. A mailara igotzea lortu genuen, beste azpeitiar batekin gainera, Hodei Mendinuetarekin. Orduan ere antzera izan zen: ospakizunak, denak gozatzen... Hura ere egundoko urtea izan zen, Kopan Real Madrilen kontra jokatu genuen eta borobila izan zen, aurten bezalaxe. Momentu hauetan orduan bizitakoekin akordatzen naiz, futbolari baten karreran bigarren aldiz igoera bat lortzea izugarria dela iruditzen zait, dagoen gauzarik ederrena edo pozik handienetakoa bai behintzat.

Igoera kontuetan bezala, 2. A mailan ere baduzu esperientzia. Berriro hor jokatzeko aukera izateak ilusioa pizten al dizu?

Bai, hala da. Bi urte egin nituen 2. A mailan, urtebete Real Unionen bertan, igo eta gero, eta beste denboraldi bat Kordoban. Argi dago futbolari baten helburua ahalik eta mailarik gorenean jokatzea dela, ahalik eta jokalari eta talde onenekin lehiatzea. Alde horretatik, 2. A mailak badu ukitu profesionalagoa, Lehen Mailatik gertuago dago eta ederra izango litzateke datorren denboraldian 2. A mailan jokatzeko aukera izatea.