Azpeitiko Justizia administrazioko langileak murrizketen kontra

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2013ko eka. 13a, 14:05
Azpeitiko Justizia Jauregiko langileak atzo goizean epaitegiaren aurrean protestan.

Erregistro Zibila pribatizatuta, "lanpostuak galduko dira, eta herritarren poltsikoan eragingo du". Joan den uztailaz geroztik mobilizatzen ari dira Azpeitiko Justizia Jauregiko langileak. Urola Kostako Hitza eta Uztarria.com epaitegiko langileen ordezkari sindikalekin (ELA, LAB eta CCOO) egon dira.

Murrizketen eta Justizia alorreko zerbitzu publikoak pribatitzearen kontra mobilizatzen ari dira Azpeitiako Justizia Jauregiko langileak, joan den uztailaz geroztik. Atzo goizean, beste egun batzuetan bezalaxe, elkarretaratzea egin zuten epaitegiaren aurrean. Pribatizazioari ez; Enplegu publikoaren alde; Justizia administrazioaren pribatizaziorik ez; Murrizketarik ez; Erregistro Zibila publikoa eta doakoa; Haien krisia guk ordaintzen dugu; Banketxeak lapurrak; Hau ez da krisia, hau estafa da leloak oihukatu zituzten bilkuran parte hartu zuten langileek.

Azpeitikoa Gipuzkoako bigarren auzitegi-barrutia da. Administrazio judizial horretatik hamar herriri ematen diote zerbitzua: Aiari, Aizarnazabali, Azkoitiari, Azpeitiari, Beizamari, Bidegoiani, Errezili, Getariari, Zarautzi, Zestoari eta Zumaiari. Azpeitiko Justizia Jauregian 21 langilek egiten dute lan egun, eta Azpeitiko auzitegi-barrutiko Bake Epaitegietan beste zazpi langile daude.

Justizia administrazioko zerbitzu batzuk pribatu egin nahi dituztela salatu dute Justizia alorreko langileek. Eta horietako bat Erregistro Zibila da. 2015eko urtarrilerako pribatizatzea dauka aurreikusita Espainiako Gobernuak. Hori eginez gero, Gipuzkoan 95 lanpostu publiko galduko liratekeela salatu dute CCOO, ELA eta LABeko Azpeitiko Justizia administrazioko langileen ordezkariek. "Erregistro Zibilak zerbitzu publikoa izateari utziko dio. Ondorioz, herritarrek bermatuta duten zerbitzu izateari utziko dio. Kontu hau 2010etik dator", azaldu dute sindikatuetakoek. "Orduan zerbitzua Justizia alorretik ateratzea erabaki zuten. Dena den, administrazio publikoaren barruan geldituko zela zioten, administrazio lokalaren edo administrazio generalaren esku geldituko zen zehaztu gabe".

Baina orain Erregistro Zibila pribatizatzeko bidea hartu du Espainiako Gobernuak. Hori eginez gero, Erregistro Zibilaren zerbitzua jabetzaren erregistrailearen esku geldituko litzateke. "Jabetzaren erregistratzailearen postua oposizioz lortzen da. Printzipioz funtzionario publikoa da, baina honek gero negozio pribatua muntatzen du, arantzel edo muga-zergen bidez funtzionatuz", diote langileen ordezkariek.  Pribatizatuta, edozein tramite herritarrak ordaindu egin beharko lukeela salatu dute langileek. "Ez dakigu zenbat ordaindu beharko den pribatizatzen dutenean, baina gaur egun doan da dena". Erregistro Zibilaren zerbitzuak dira, besteak beste: jaiotza, bizitza, heriotza agiriak eta nazionalitatea egitea. "Esaterako, amarentzako urtero-urtero bizitza agiria egin behar izaten dut. Zerbitzua pribatua denean, urtero agiri hori lortzeko ordaindu egin beharko nuke".

Horrez gain, jendearen datu pribatuak eta intimoak esku pribatuen esku geldituko liratekeela gaitzetsi dute. "Esaterako, baten bat enbargo egoeran baldin badago, hori jakinekoa izatean da Erregistro Zibilean", jarri dute adibide.

Tasa judizialak

Justizia administrazioko zerbitzuak pribatizatzeak edota ordainpekoak izateak "Justizia herritar guztientzat berdina ez izatea aregotzen du", Justiziako langileen ordezkari sindikalen arabera. Horren beste adibidea tasa judizialak direla diote. "Lehen Justizia administraziora auzitara jotzeko bi bide zeuzkan herritarrak: batetik, justizia doan izateko eskubidea zuen; edota, ordaintzeko aukera bazuen herritarrak abokatu bat kontratatu eta auzitara jotzen zuen. Orain, ordea, ez da horrela. Izan ere, auzitara jotzearekin batera aurrez tasa bat ordaindu behar du". Gainera, tasa hori gero ez da berreskuratzen. "Esaterako, herritar batek 1.000 euro erreklamatzeko auzitara jotzen badu, 1.200 euroko tasa ordaindu behar du. Beraz, zer egingo du herritarrak? Auzitara ez jo".

"Justizia administrazioan beti egon da aukera gehiago herritar batzuentzat besteentzat baino, baina tasa judizialak bezalako neurriekin, herritar batzuei auzitara jotzeko aukera ere kendu egiten zaie. Tasa judizialak Justizia zerbitzuagatik berriro ordaintzeko modu bat dira, botiken kopagoaren antzera», diote langileek.

Zerbitzuen murrizketak epaitegietako lan bolumena jaistea, lanpostuen galera eta auzitegi-barrutien zentralizatzea ekarriko dutela uste dute langileen sindikatuetako ordezkariek. Azpeitiko auzitegi-barrutian lan bolumena ia ez da batere jaitsi, "baina tasa judizialak martxan jarri zirenetik orokorrean %30 jaitsi da justizia administrazioko lan bolumena".

Auzitegien zentralizazioa

Auzitegi-barrutien gaineko lege baten proiektua ere badagoela gogorarazi dute Azpeitiko Justizia Jauregiko langileek. Lege horren arabera, hainbat auzitegi desagertu egingo da. "Gaur egun Gipuzkoan sei auzitegi-barruti daude, eta lege proiektu hori aurrera aterata, bi besterik ez dira geldituko: Bergaran eta Donostian".

Azpeitiko auzitegi-barrutia kenduta, 30 lanpostu inguru galduko lirateke. Horrez gain, Justizia administrazioko edozein tramite egitera herritarrek Bergarara joan beharko lukete. "Horrek herriarentzat eta herritarrentzako kostu handia suposatuko du", azaldu dute.

Bulego judizial berria

Epaitegietako lana errazteko asmoz sortu zituzten bulego judizial berriak 2010ean. Azpeitian badago halako bat, eta langileen eginkizun nagusia barruti judizialen lana bateratzea da. "Azpeitia puntu beltz izatetik produktibitate puntu izatera pasatu da. Zerbitzua handitu daiteke; orain bi epaile daude hemen eta hirugarrena jartzeak eskatzen duen gastua ez dute nahi ordaindu", esan dute.