Familia baten testigantza

Uztarria.eus 2013ko eka. 13a, 12:01

Gaur, ekainak 13, emango dute aurreneko aldiz Irria dario haizeari dokumentala Errezilgo eskolako gimnasioan, 21:00etan hasita. Aurretik luntxa izango dute bertaratzen direnek.

Irria dario haizeari dokumentalaren protagonistak Maritxu Uzkudun errezildar presoa eta haren senitartekoak (ahizpa, ama eta iloba) dira. Granadan (Andaluzia, Espainia) dago preso Uzkudun 197/2006 doktrina ezarrita. Dokumentalaren ardatz nagusia Maritxu Uzkudunen ahizpa Begoña Uzkudunek Granadako espetxera egindako bidaia da.

Zazpiak Bat produkzio taldeak ekoitzi du ikus-entzunezkoa eta tartean da Yuri Agirre azpeitiarra. EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioko hirugarren mailako ikasleek osatzen dute taldea. Haien esanetan, "ohiko klixeetatik aldendu, eta unibertsalak diren sentimenduetan eta bizipenetan oinarritzen da dokumentala".

Dokumentalaren proiektuarekin joan den martxoan hasi ziren. Aurreneko eta bukaerako grabazioak Errezilen egin zituzten, eta tartean Begoña Uzkudunek Granadara ahizpa bisitatzera egindako bidaia grabatu zuten. Dokumentalak 23 bat minutuko iraupena du.