Irakaskuntza metodologia berriak aztertu dituzte Urola Erdiko hainbat ikastetxek

Uztarria.eus 2013ko eka. 18a, 12:45
Bilerako une bat.

Bost ikastetxetako zuzendari, orientatzaile eta irakasleak bildu ziren maiatzaren 31n, Loiola Berrikuntzaren Ezagutza Gunea sarearen harira. Lan bilera dinamikoaren baitan, Mondragon Team Academy-ko irakaskuntza metodologiaren berri izateko eta Mondragon Unibertsitateko ikasleen ikuspuntua ezagutzeko aukera izan zuten bertara hurbildu zirenek. 

Maiatzaren 31n, Urola Erdiko bost ikastetxetako zuzendari, orientatzaile eta hainbat irakasle bildu ziren irakaskuntza metodologia berriak aztertzeko. Ekimena Loiola Berrikuntzaren Ezagutza Gunea lankidetza sarearen testuinguruan egin zen. Lan bileraren helburua irakaskuntza metodologia berrien aplikazio esperientzia ezagutzea eta horrek ikastetxeetan izan dezakeen aplikagarritasunaz hausnartzea izan zen. 

Lan bilera dinamiko eta parte-hartzailearen baitan, esperientzia desberdinak ezagutu eta konpartitzeko aukera izan zen. Besteak beste, Arizmendi Ikastolako irakasle batek Mondragon Team Academy-ko irakaskuntza metodologia berritzailea azaldu zuen, azken horiekin elkarlanean proiektu bat aurrera eraman baitute. Mondragon Unibertsitateko LEINN graduko hiru ikasle ere izan ziren bertan. Irakaskuntza tradizionala eta berritzailearen inguruan zituzten ikuspuntuak azaldu zituzten horiek.

Ekimenean parte hartu zuten irakasle, orientatzaile eta zuzendariek aldaketaren beharra barneratuta dutela azaldu eta bileran planteatutako hainbat ekintza burutzeko konpromisoa hartu zuten. Jasotako balorazioak oso onak izan ziren, eta erronka honen baita elkarlanean jarraitzeko ideia azpimarratu zuten.