"Herriaren egoerara" egokitutako azokak ordezkatuko du aurten Erdi Arokoa

Uztarria.eus 2013ko uzt. 3a, 14:46

Alde Zaharreko Mahaiak jakinarazi duenez, "Azpeitiak bizi duen egoerara moldatuta, eta egungo behar ekonomikoei egokiago erantzuteko", Erdi Aroko azoka ordezkatuko duen azoka berezia egingo da irailaren 20an, 21ean eta 22an. Horrenbestez, azken urteetan irailean egin izan den Erdi Aroko azoka ordezkatuko du, nahiz eta "azoka haren inguruan balorazio positiboa egin den".

Azoka berria egitea "Alde Zaharra biziberritzeko adostutako oinarriak kontuan hartuta erabaki da, eta bide batez, Alde Zaharretik herri osora zabaldutako ekarpena egin nahi izan da", azaldu dute: "Herritarren beharrei erantzunez, auzoaren biziberritzea herri osoarentzat onura izango dela erakutsi nahi da".

Pausoz pauso, aldaketa

Joan den urteko azaroaren 30ean egin zuen lehen bilera Alde Zaharreko Mahaiak. Orduz geroztik aldiro biltzen da mahaia, eta mahaikideek esan dutenez, "bilerak irekiak izaten dira, eta bizilagunen elkarteak, merkatariek, tabernariek, Kultur Mahaiak eta Udalak hartzen dute parte bertan, besteak beste. Alde Zaharra biziagoa lortzea da helburua, eta elkarlanaren bidetik dauden beharrei erantzuten eta arazoei konponbideak ematen saiatzen gara".

Azaroko bilera hartatik, hainbat berrikuntza egin dira Alde Zaharrean. Hala nola, Alde Zaharreko hiru gune biziberritzeko lanak egiten hasi da Udala, edo asteburuetan plazako tabernek mahaiak eta aulkiak ateratzeko aukera dute.

Mahaiak Alde Zaharra biziberritzea zazpi oinarriren gainean egitea adostu du:

1.- Bizitzeko leku atsegina bilakatu.

2.- Aktibitate ekonomikoa indartu.

3.- Euskararen plaza izan.

4.- Erreferentzia kulturala bilakatu.

5.- Aisialdirako gunea sortu.

6.- Jarduera komunitariorako gune bilakatu.

7.- Etorkinen integrazioaren bidetik, herri kohesionatuaren eredua sustatu.