Done Jakueko parke eraberritua saninazioetarako prest egongo da

Uztarria.eus 2013ko uzt. 4a, 20:46
Lanak hasita, itxura hau du egunotan Done Jakueko parkeak. (AZPEITIKO UDALA)

Festak bukatu ondoren, berriz, 0 eta 6 urtekoentzako gune berriaren lanak hasiko dituzte, Gernikako arbolaren eta parkearen artean orain aparkalekua dagoen tokian. Parkea estaltzeko proiektuak aztertzen ari dela ere aurreratu du Udalak.

Saninazioak hasterako bukatuta egongo dira Done Jakue kaleko parkea eraberritzeko lanak; horrela iragarri du Udalak. Herriko ikastetxe guztietako 6 eta 12 urte bitarteko 961 haurrek hautatu zuten parkeak izango dituen jolasak, eta obrak orain hasi dituzte.

Parke berria orain arteko parkearen eremuan kokatuko da. Festak bukatu ondoren, berriz, 0 eta 6 urtekoentzako gune berriaren lanak hasiko dituztela aurreratu dute; Gernikako arbolaren eta parkearen artean orain aparkalekua dagoen tokian kokatuko dute gune berria.

Lanen aurrekontua, jolasak barne, 220.000 eurokoa da.

Estaltzeko asmoa

Bestalde, eta Udalak jakinarazi duenez, parkeko jolasen hautaketa prozesuan jaso ziren ekarpenen artean, Done Jakue kaleko parke berria estalia izatea izan zen gehien errepikatu zen nahia. Horregatik, Udala datorren udazkenean parkea estaltzeko proiektuak aztertzen hasita dago.