Aparkatzeko atzera eta aurrera

Urola Kostako Hitzako 'Arkupean'-en 2013ko uzt. 11a, 14:08
Azpeitiko plaza ibilgailuz hustu eta jendez eta tabernetako terrazaz betetzen da asteburuetan, maiatzaren 25az geroztik. (Olatz Prat)

Krisiak krisi, urtez urte auto gehiago dago herrietan. Azpeitian, esaterako, 6.579 auto pribatu daude, eta 14.540 biztanle ditu herriak. Urola Kostako Hitza-k Arkupean gehigarrian erreportajea egin du eskualdeko herrietako errealitatea kontuan hartuta.

Azken urteetan gero eta auto gehiago zenba daitezke herrietan. Zarautz, Azpeitia, Zumaia eta Getaria adibide gisara hartuta, asko-gutxi denetan gehitu da auto kopurua. Uda sasoian, eguzkia agertu ahala, kostaldeko herri gehienetan nabarmen handitzen da ibilgailuen joan-etorria. Aparkaleku nahikoa ba al dago egunerokotasunari eta jende gehien mugitzen den momentuei aurre egiteko?
 
Urola Kostako Hitza-k aipatutako herrietako hainbat datu bildu du. Zenbat biztanle, zenbat auto eta zenbat aparkamentu dago herri bakoitzean? Errealitatearen gutxi gora beherako argazki bat ikusteko aukera ematen dute datuek. Herriko zirkulazioaren eta aparkalekuen inguruan udal ordezkariek duten iritziaz eta hartzen ari diren neurriez ere hitz egin dute Azpeitiko, Zarauzko eta Zumaiako alkate eta zinegotziek. Tokian-tokian neurri jakinak hartzen ari diren arren, denentzat oinezkoek izan behar dute lehentasuna. 

Azpeitia

Uda sasoian Azpeitian ez da areagotzen aparkalekuei lotutako arazoa; alderantziz, herritarrek hondartzara edo oporretara joateko aprobetxatzen dute garaia, eta saninazioetako egunak kenduta, gainerako urtaroetan baino lasaiago egoten da herria alde horretatik. 
 
Horregatik, beharbada, aparkalekuak jarri beharrean kendu egin dituzte asteburuetan, plazan. Hala, maiatzaren 25etik larunbatetan herriko plaza ibilgailuentzat ixten ari da udala. 13:15etik igandeko 22:00ak artean Artzubiko sarrera ixten du. Horrela, herriko plaza, Goiko kalea eta Bustintzuriko Errebala oinezkoentzat dira larunbat arratsaldetik igande iluntzera artean.
 
Astegunetan, berriz, herriko plazaren inguruan TAO sistema dute martxan urte osoan. 60 aparkaleku dituzte plazan sistema horrekin, eta beste 30 plaza atzean. Ordaindu egin behar da horietan aparkatzeagatik. Soreasuko aparkalekuak ere ordainpekoak dira, baina han aparkatzea doan da aurreneko bost orduetan. Hala azaldu du Azpeitiko Udaltzainen buruak, Joxe Anjel Aristik. Esan bezala, uda garaia lasaia izaten da, eta ez dute neurri berezirik hartzen herrian. "Ez da aparkaleku berezirik prestatzen" eskualdearen barnealdeko herrian. "Azpeitian festetan bakarrik egokitzen dira aparkaleku bereziak", zehaztu du Zerbitzu Orokorretako zinegotzi Aritz Epeldek. Beste zenbait herritan bezala, Azpeitiko Udalak ere "oinezkoen guneak indartu eta oinezkoen segurtasuna eta erosotasuna bermatu nahi ditu". Horretarako hainbat neurri hartu du azkenaldian; besteak beste Done Jakue eta Olazko Amaren Plaza oinezkotu ditu, eta Santutxo eta Garate Anaia auzoetarako igogailuak jarri ditu.
 
Herriko aparkaleku kopuruari dagokionez, 2004ko datuak ditu eskuartean Azpeitiko Udalak. 5.040 aparkaleku zeuden orduan herrian; horietatik erdiak baino gehiago pribatuak (2.782). Udalaren datuen arabera, eskaera handiagoa zen, 5.573 ibilgailu baitzeuden herrian. Hau da, eskaintza eskaria baino %1,5 txikiagoa zen. Espainiako Traļ¬ko Zuzendaritza Nagusiak ez dauka urte horretako daturik. Baina bai urtebete geroagokoak, 2005ekoak. Haren arabera, Azpeitian 6.050 auto pribatu zeuden (8.565 ibilgailu, guztira). Ordutik gora egin du etengabe herrian erregistratutako auto pribatu kopuruak: 6.272 ziren 2006an, 6.579 2011n, eta 6.636, aurtengo martxoan.
 
2004an aparkaleku gabezia atzeman zuen udalak, baina gaur egun "arazo berezirik duen gunerik ez dago udalarentzat". Hala ere, Epeldek onartu du Alde Zaharreko bizilagunek gainerakoek baino arazo handiagoa izan dutela. "Betidanik Alde Zaharreko bizilagunek izan dute deserosotasun handiena. Hala ere, Alde Zaharreko Biziberritze Proiektuaren barruan galdu diren aparkalekuak, inguruko guneetan berreskuratu ditugu, Errebal azpian edota Santutxon", nabarmendu du. Gainera, egungo krisi ekonomikoak gauzak aldatu egin dituela uste du Epeldek. "Krisia hasi bitartean, 2005 eta 2007artean, auzoetan aparkaleku gehiago egokitzen ziren, gero eta auto gehiago zegoelako. Krisiarekin, ordea, kopurua ez da asko hazi; mantentzeko joera hartu du".

Biztanleak, ibilgailuak eta aparkalekuak

Biztanleak: 14.540
 
Ibilgailuak: 6.579 auto pribatu, eta 9.682 ibilgailu guztira.
 
Aparkalekuak: Guztira, 5.040 (2004ko datuak). Kalekoak: 2.258. Garaje pribatuak: 2.782. 240 aparkaleku.
 
Erreportaje osoa ikusteko egin klik hemen.