Sara Ibarzabal: "Ikasten jartzea asko kostatzen zait"

Uztarria.eus 2013ko uzt. 12a, 12:55
Hizkuntza Modernoak eta Kudeaketa gradoa egingo du Sara Ibarzabalek

Ekainean Gipuzkoan unibertsitaterako hautaproba egin zuten 3.324 ikasleen artetik bigarren nota onena lortu du azpeitiarrak.

Ekainaren 5tik 7ra bitartean milaka gaztek unibertsitatera sartu ahal izateko hautaproga egin zuten, selektibitatea. Gipuzkoan 3.324 ikasle aurkeztu ziren bertara, eta Sara Ibarzabalek (Azpeitia, 1995) lortu du horietatik bigarren nota onena (9,540, hain zuzen ere).

Unibertsitaterako sarrera-proban emaitza ona izatea espero zuen azpeitiarrak, baina lortutakoak bere aurreikuspenak gainditu ditu: "EHU-tik berria emateko deitu zidatenean ez nuen sinistu ere egin. Banekien lortu nuen nota ona zela, baina ez nuen uste Gipuzkoako bigarren postua lortzeko adinakoa zenik". Emaitzak ikusita ikasketekin ondo baino hobeto moldatzen dela argi egon arren, "ikasten jartzea asko kostatzen zait", dio Ibarzabalek. "Behin jarritakoan erraz moldatzen naiz, ordea". Hautaproba prestatzerakoan ere antzera gertatu zitzaion: "Selektibitatera joan baino astebete lehenago hasi nintzen irakasgaiak prestatzen".

Urola Ikastolan egin ditu Batxilergo ikasketak eta hasieran pentsatzen zuena baino erosoago egin zaizkiola aitortu du: "Batxilergora zoazenean beti dago presio bat: denek zaila dela esaten dute. Beldur pixka batekin hasi nintzen. Behin hasitakoan, ordea, gainditzeko gai nintzela ikusi nuen. Selektibitateak ere jendea "urduri" jarri arren, Ibarzabalen ustez aurrez hartatik pasatutakoen esperientziak ezagutzea lagungarri izaten da: "Lehenago egin dutenek erraz gainditzen dela esaten dizute, eta horrek lasaitu egiten zaitu".

Irailetik aurrera unibertsitate ikasketei ekingo die. Notak nota, Ibarzabalek erabakita zuen hizkuntzekin lotutako zerbait ikastea. Hala ere, "azken hilabetean" iritziz aldatu eta ikastea "aspalditik pentsatzen" zuen Ingelese Filologia albo batera utzi eta Hizkuntza Modernoak eta Kudeaketa gradoa hautatu du, "karrera osatuagoa dela iruditzen zait".  Deustuko Unibertsitatean ariko da azpeitiarra.