Hilaren 30eko herri bazkarirako izena eman beharko da

Uztarria.eus 2013ko uzt. 17a, 13:18
Hainbat herritar atzoko agerraldian.

Hilaren 22an, 23an, 24an eta 26an eman ahalko da izena plazan jarriko duten mahaian. Hilaren 26an zozketa egingo dute izena emandako guztien artean, eta tokatzen zaienek arduratu beharko dute bazkariaren antolaketaz.

Aurtengo San Inazio bezperako, hilak 30, herri bazkarirako izena eman beharko da, "bazkaria antolatzeko formatua aldatu" egin dute eta. Horrenbestez, hilaren 22an, astelehena, 23an, 24an eta 26an eman ahal izango da izena, plazan jarriko duten mahaian. Goizean 11:00etatik 13:00etara inskribatu ahal izango da, eta 18:00etatik 20:00etara bitartean arratsaldetan. Izena binaka edo hirunaka ere eman ahal izango da, eta izena ematen den unean ordaindu beharko da bazkaria. Iazko gisan, 12 euro kostako da.

"Orain arte herri bazkaria talde txiki batek muntatu, zerbitzatu eta dinamizatu izan du, baina ikusita zenbat jendek hartzen duen parte, herritar gehiagoren konpromisoa bilatu nahi da", azaldu dute Haujijijai Batzordekoek. Hori dela-eta, izena ematen duten guztien artean zozketa egingo dute, eta tokatzen zaienek arduratu beharko dute bazkariaren antolaketaz (muntaiaz, zerbitzatzeaz eta jasotzeaz). Festa batzordekoek azaldu dutenez, zozketa hilaren 26an, ostirala, izango da 20:00etatik aurrera, plazan, eta herritar ororentzat irekia izango da.

Zero Zabor helburu

Saninazioetan sortutako zaborra "Zero Zabor filosofiaren baitan", gaika, jasoko dutela azaldu dute. "Filosofia horri jarraituz, aurten etxean ditugun baso berrerabilgarriak jaso egingo ditugu, gero saninazioetan erabili ahal izateko". Horrenbestez, bazkarirako izena emateko mahaien ondoan kaxa batzuk jarriko dituzte baso berrerabilgarriak jasotzeko.