220 langile kaleratu dituzte Corrugados Azpeitian dagoeneko

Uztarria.eus 2013ko uzt. 19a, 15:10
Corrugados Azpeitiako langileak enpresaren atarian. (Nerea Uranga)

Enpresaren asmoa betetzeko, hau da, plantila osoa kaleratzeko, "40 bat langile falta dira oraindik", azaldu dute Enpresa Batzordeko kideek. Enpresaren "joko zikina eta txantaia" ere salatu dituzte. 

Alfonso Gallardo Taldeak ekainaren erditik hona 220 langile kaleratu dituela salatu dute gaur, ostirala, Corrugados Azpeitiako langileen ordezkariek. Enpresaren asmoa betetzeko, hau da, plantila osoa kaleratzeko, "40 bat langile falta dira oraindik", azaldu dute: "Enpresak administrazioari esan zion kaleratzeko epea irailaren 30ean bukatzen zela, baina ez dugu uste data horretara iritsiko garenik, langile guztiak kaleratzeko dirua jaso duela entzuten delako lantegian eta horrek, epe laburrean, langile guztien kaleratzea ekar dezakelako".

"Enpresaren joku zikina" ere salatu dute: "Langile batzuen egoera pertsonala edo familiarraz baliatzen ari dira txantaia egiteko eta diru apur bat gehiago kobratzearen trukean, enpresak kaleratzeko dituen arrazoiak egiazkoak direla eta edozein erreklamaziori uko egiteko diotela dioen dokumentua sinatuarazten diete langileei". 

Kaleratze horien atzean "Gallardok beste tokietan dituen interesak" daudela azaldu dute: "Pasa den astean Ingalaterratik egindako eskari bati ezetz esan behar izan zitzaion, Corrugados Azpeitia enpresan behar beste txatarra ez zegoelako. Horrela, bezeroak galtzen ditugu, Cifer enpresa bezala. Gure bezero izatetik konpetentziari erostera pasatu da eta".

Produkzioa geldirik

Guzti horrek Alfonso Gallardori ez diola axola adierazi dute, "kosta ala kosta, langileak kaleratu nahi gaituelako". Hori dela-eta, azken egunetan enpresan "nahasmena da nagusi": "Ez dago zuzendaritza lana egiten duenik, aurreko zuzendaritzako kide batzuk informazio pribilegiatuarekin joan dira enpresatik, Gallardok txarra gehiago ez ekartzeko agindu du eta txarra parkea itxita dago. Ez da gehiago produzituko, eta enpresa honen azkenetan egon gaitezke gaur".

Gallardo lantegia "hiltzen uzten" ari dela salatu dute, eta "ehunka zuzeneko zein zeharkako langileren etorkizuna langabeziarantz abiatzen hasi da". Gallardori lantegiko bideragarritasunarekin konpromisoa eskatzeagatik "langileen kontra hartu duen mendekuak ondorio larriak" dakartzala eta Urola Kostako eskualdean eta Gipuzkoan pairatuko direla esan dute, eta "hainbat enpresa txikiren etorkizuna ere arriskuan" dagoela jakinarazi dute.

ADEGIren jarrera ezin onartu

"Ezin dugu onartu Adegik, Jose Miguel Ayerzaren bitartez, egoera honen erantzukizuna sindikatuei leporatzea. Izan ere, prozesu guzti honetan hiru sententzia izan dira gure aldekoak, eta frogatu den gauza bakarra da, enpresak beti inposatu dituela bere erabakiak eta ez duela negoziatu. Adegik nahi duen lan harremanetarako ereduan ez dago langileen borroka duinarentzat lekurik, eskubiderik gabeko langileentzat soilik", ohartarazi dute.

Gallardok erabakitako bukaera "desindustrializazioaren" erakusle dela nabarmendu dute, horregatik erakunde publikoei "arduraz jokatzeko" eskatu diete. Corrugados Azpeitia langilez hustuko duten arren, langileak ez daude amore emateko prest, "borrokan segituko dugu".