Nekazaritza ekologikoan oinarritutako baratza parkea egingo dute

Uztarria.eus 2013ko ira. 18a, 14:34
Baratzak Azpeitiko Ikastola Ikasberriren eta Olatz auzoaren arteko zelaian egingo dituzte.

Asteburuan hasi eta urriaren 31a bitartean eman ahal izango da baratza eskuratzeko izena. Herritar orok eman dezake izena, baina langabetuek eta erretiratuek dute lehentasuna. Uztarriak aldizkariaren urriko zenbakian baratza parkearen inguruko Klik argazki-erreportajea kaleratuko du.

Azpeitiko Udalak, Ekoguneak lagunduta, baratza parkea jarriko du abian udaberrian. Olatz auzoaren eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriren arteko zelaian egingo dituzte nekazaritza ekologikoari lotutako baratzak. Bi neurritakoak izango dira; 30 metro karratukoak eta 60 metro karratukoak.

Baratza eskuratu nahi dutenek asteburuan egingo den Azoka Herritik ekimenaren baitan Kimu Bat enpresak Santiago kalean jarriko duen postuan eman beharko da izena, edo Hirigintza eta Ingurumen Sailera deituta (943 15 71 91), bestela. Urriaren 31a baino lehen egin beharko da eskaria, eta baratza lortzen dutenek zenbateko bat ordaindu beharko dute hilero: 30 metro karratuko baratzaren jabeek 3,5 euro eta 60 metro karratuko baratzaren jabeek 7 euro.

Herritar orok eman dezake izena, baina "herritar ugari zailtasunekin dabiltzala kontuan hartuta", Azpeitiko Udalak lehentasuna emango die langabetu eta erretiratuei. Baratza eskuratzen dutenek Ekoguneak antolatutako nekazaritza eta barazkigintza ekologikoko ikastaroan hartu beharko dute parte.

Udalak azaldu duenez, baratza parkearen proiektuak helburu hainbat helburu ditu. Besteak beste, "aisialdi koperatiborako topagunea sustatzea, nekazaritza ekologikoa bultzatzea, bizi kalitatea eskainiko duen gune berde berri bat sortzea, naturarekiko errespetua sustatzea, giza talde desberdinen arteko elkarbizitza eta harremanak bultzatzea, eta baratza parke guztiak dinamizatuko dituen Gipuzkoa osorako Baratza Parke Sare bat osatzea".

Gainera, nekazaritza ekologikoan oinarritutako proiektua izanik, erabiltzaileek "baldintza eta betebehar zehatzak" izango dituzte: "onuradunek ez dituzte erabiliko lurrari kalte egin ahal dioten produktuak, eta eskuratzen diren fruitu eta barazkiak bildu ahal izango dituzte baina kontsumorako soilik; debekatuta dago produktu horiek saltzea".

Uztarriak aldizkariaren urriko zenbakian baratza parkearen inguruko Klik argazki-erreportajea kaleratuko du.