Urrian egingo diren Azpeitiko Emakumeon Topaketen egitaraua aurkeztu dute

Uztarria.eus 2013ko ira. 18a, 21:10
Urriko Topaketen antolaketan ari direnetako batzuk atzo, Emakumeen Txokoan, eltzea erdian hartuta.

Datorren hilaren 18an eta 19an izango dira eta "bor-borka ari den eltzearen inguruan ospatuko ditugun topaketa hauetan parte hartzera" deitu dituzte antolatzaileek herriko emakume guztiak.

Urriaren 18an eta 19an egingo dira, aurreneko aldiz, Azpeitiko Emakumeon Topaketak. "Jada ari da zerbait egosten sutan jarri genuen eltzean. Azken hilabeteetan, buru belarri gabiltza Azpeitiko Emakumeon Topaketak antolatzen, eta hilabete barru ospatu ahal izango ditugu", esan zuten antolatzaileek atzo, asteartea, topaketen egitaraua aurkezteko Emakumeen Txokoan egin zuten agerraldian.

Herriko mugimendu feminista emakumeen eskubideak aldarrikatzen eta eskubide horien urraketak salatzen "aspaldidanik lanean" ari dela ekarri zuten gogora. "Eskubide horien defentsan borroka batzuk irabazi ditugu, eta beste batzuk martxan jarri. Baina badakigu oraindik asko dugula egiteko", esan zuten. Baita adibideak eman ere: indarkeria sexista, abortatzeko eskubidea, askatasun sexuala, edota eskubide ekonomiko eta sozialak. "Bai, borroka asko ditugu oraindik irabazteko -diote topaketen antolatzaileek-. Horregatik, herriko errealitatera egokitu eta garai hauetan gure lehentasunezko borrokak zeintzuk izan behar duten erabaki behar dugula pentsatzen dugu. Inork ez digulako ezer oparituko. Gure borrokako protagonistak geuk izan behar dugulako".

Azpeitiko Emakumeon Topaketekin borroka horien protagonista izatera gonbidatu nahi dituzte, hain zuzen ere, herriko emakume guztiak. "bor-borka ari den eltzearen inguruan ospatuko ditugun topaketa hauetan parte hartzera" gonbidatu dituzte. "Egosten jarri dugun eltze horren inguruan bildu eta elkar ezagutzeko aukera eskaini nahi dugu, ditugun kezkak konpartituz, esperientziak elkartrukatuz, iritzia emanez, zein proposamenak mahai gainean jarriz. Emakume anitzez osatutako topaketak izatea nahi dugu. Gazte zein helduak, bertako zein etorkin, langile zein langabetuak... Denok, zuk, nik berak... guztiok dugu lekua topaketa hauetan, guztiok garelako Azpeitiko parte, denon artean osatzen dugulako herri hau", adierazi dute.

Egitaraua

Urriaren 18a, ostirala

18:00 Historia: Mugimendu feministaren ekarpenak historian zehar gure herrian.

  • Bideo emanaldia: Herriko historiari errepasoa.
  • Mahai-ingurua, 1970. hamarkadatik mugimendu feministan lanean aritu diren emakumeekin.

19:30etik aurrera

  • Bertso-triki poteoa, Emakumeen Txokotik abiatuta.
  • Luntxa, Sanagustinpean.
  • Olerki, antzerki eta musikaz girotutako emanaldia, Sanagustinpean.

Urriaren 19a, zapatua

09:00-11:30 Mahai-ingurua: Errealitatearen aurpegi desberdinak aztertuz.... Sektore desberdinetako emakumeen ikuspuntua: gazteak, pentsiodunak, etorkinak, zaintza lanetako langileak, indarkeria kasuak lantzen dituen teknikaria.

11:30-12:00 Hamaiketakoa.

12:00-14:00 Gorputzaren inguruko tailerra.

14:00-16:00 Bazkaria, Sanagustinpean.

16:00-18:30 Feminismotik herria aldatzeko egiten den lanketaren egungo errealitatea: zeintzuk dira etorkizuneko erronkak?

18:30-19:30 Plenarioa eta topaketen balorazioa.

19:30-21:00 Jolastuz, etorkizunari eragiten!

21:00 Afaria.

Gauean, kontzertuak: Pottors eta Klito, Arrutiko Intxaurrak.