Ertzainek lagun bat identifikatu dute Gudari Egunaren harira

Uztarria.eus 2013ko ira. 27a, 14:26

Gaur, irailak 27, 38 urte, Francoren erregimenak bost lagun fusilatu zituen. Tartean ziren Juan Paredes Manot 'Txiki' zarauztar eta Angel Otaegi nuarbetar ETAkideak. Gaur, goizean, 10:00etan, Otaegiri omenaldia egin diote senideek eta hainbat herritarrek, Nuarbeko hilerrian. Besteak beste, bertan izan dira Azpeitiko Udal Gobernuko kideak; Eneko Etxeberria alkatea, tartean. Otaegiren azken uneak izan dituzte oroimenean, Francoren aurkako borroka, debekuak, Burgoseko fusilamendua eta Otaegiren azken hitzak: "Ama, zu lasai ibili, eta burua tente eduki; eta ez etxean geratu, lotsatzeko arrazoirik ez daukazulako. Nik ez dut inor hil, baina ni hil egingo naute. Euskal Herriarengatik odola emango dut nik".

Bestalde, urteurrenaren karietara, hainbat ikurrin jarri dituzte herrian, Otaegiren, zein Pasaiako badian duela 29 urte Espainiako Poliziak tiroz hildako Dionisio Aizpuru 'Kurro' eta Pedro Mari Isart 'Pelitxo' azpeitiarren argazkiekin eta xingola beltzarekin. Ikurrin horietako bat Orkatz Kultur Elkartearen atarian jarri dute, eta eguerdiko 12:00ak aldean ertzainak joan dira bertara kentzeko eskatuz. Kenduarazi aurretik, ordea, lagun bat identifikatu dute.

Gainera, 12:00etan egin du herriko hainbat ikaslek Gudari Egunaren baitako elkarretaratzea. Bihar, zapatua, egingo dituzte 38. urteurrenaren baitan antolatutako ekimenak, Nuarben.