Eneko Ibarguren aske utzi du epaileak

Berria.info, Uztarria.com 2013ko urr. 3a, 12:45

Herriraren kontrako operazioan atxilotu eta gaur goizean deklaratu duten hamalau lagunetatik hamar aske utzi ditu epaileak. Beste lauri, berriz, 20na mila euroko bermea ezarri diete13:30ak aldean deklarazioak eten ditu epaileak, eta 17:30etik aurrera izango dira epailearen aurrean deklaratzeko falta diren lau atxilotuak.

Herriraren kontrako operazioan atxilotu eta gaur goizean deklaratu duten hamalau lagunetatik hamar aske utzi ditu epaileak, tartean Eneko Ibaguren Kurku. Beste lauri, berriz, 20na mila euroko bermea ezarri diete.

Gaur, osteguna, eraman dituzte astelehenean Guardia Zibilak atxilotu zituen Herrirako 18 kideak Espainiako Auzitegi Nazionalera, Eloy Velasco epailearen aurrean deklaratzera. Goiz partean atxilotuetako hamalauk deklaratu dute, eta etenaren ostean, 17:00etan, deklaratuko dute falta diren laurek (Ane Zelaia, Gorka Gonzalez, Ibon Meñika eta Joxe Antonio Fernandez).

Horrenbestez, aske gelditu dira Eneko Ibarguren Kurku, Amaia Esnal, Ekain Zubizarreta, Roberto Noval, Beñat Zarrabeitia, Oscar Sanchez, Fran Balda, Sergio Labaien, Imanol Karrera eta Eneko Villegas. Nagore Garciari, Jon Garairi, Manu Ugartemendiari eta Jexux Mari Aldunberriri, berriz, 20na mila euroko bermea jarri die.

Ibargurenen eta gainontzeko atxilotuen senide eta ordezkari politiko ugari gerturatu dira Madrilgo Auzitegi Nazionalera gaur goizean, baina hainbat hedabideren arabera, poliziak Prado pasealekura bidali ditu. 

Velasco epaileak aginduta atxilotu zituen 18 lagunak Guardia Zibilak, eta horrez gain, Herrira-ren jarduera bi urterako debekatzea ekarri du operazioak. Jasandako polizia operazioa "Espainiaren ahuleziaren isla" dela esan du Herrira-k, gaur goizean Baionan egindako prentsaurrekoan.

Epailearen aurrera eraman aurretik beraien abokatuekin egon dira Herrira mugimenduaren kontrako operazioan atxilotutako 18 lagunak. Ez dituztenez inkomunikatu, beren abokatuen presentzian egin dute deklarazio poliziala (ukatu egin ziren), eta bakoitzarekin bost minutu inguru egoteko aukera izan dute abokatuek, gero. 

Atxilotuak ez dituztenez inkomunikatu, 72 orduko epea zuten Guardia Zibilek haiek epailearen eskuetan lagatzeko. Gaur goizean bete dira 72 orduak, eta gaur 09:30erako eraman dituzte atxilotuak epailearen aurrera.

Herrira-ko kide izanda "erakunde terroristako kide" izatea egozten zieten guztiei, baita "erakunde armatua finantzatzea" ere. Hori argudiatzeko, legez kanporatuta dauden Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren "oinordekotzat" jotzen zuen Herrira epaileak. Gainera, esaten zuen "terrorismoa goratu" dutela kaleratutako euskal presoen ongietorriak antolatuta. Epailearen aurrean deklaratu duten hamalau atxilotuek leporatzen dizkieten delitu guztiak ukatu dituzte.

Atzo, asteazkena, atera zuten sumarioa sekretupetik, eta abokatuek hura irakurtzeko aukera izan dute, auzitegian bertan. Sumarioa osatzen duten liburukietan jasota dago delitu horiek egozteko zehazki zer egitea leporatzen dien epaileak edo Guardia Zibilak hemezortzi atxilotuetako bakoitzari.

Astelehen goizean atxilotu zituen Guardia Zibilak hemezortzi lagunak, aldi berean. Hernaniko Herrira-ren egoitzan bilduta zeudela atxilotu zituzten 11, eta gainerakoak kalean edo lantokian. Eneko Ibarguren esaterako, Loiolako liburutegian atzeman zuten. Ez dute inoren etxea miatu.