Txetxu Urbietak Diego Garciari buruzko liburua idatziko du

Uztarria.eus 2013ko urr. 11a, 11:11

Euskadi Irratiko kirol zuzendariak Garciaren kirol ibilbidea jasoko du liburuan, eta datorren ekainean argitaratuko dute bai liburua eta bai haren inguruko webgunea.

Hurrengo urtean hogei urte beteko dira Diego Garcia korrikalari zenak bere ibilbide profesioneko "arrakasta handiena" lortu zuenetik. Izan ere, 1994. urtean Europako maratoi txapelketan, Helsinkin, zilarrezko domina lortu zuen azkoitiarrak. Hori dela-eta, Garciaren kirol ibilbidea jasoko duen egitasmoa prestatzen ari dira haren lagun batzuk eta, besteak beste, Txetxu Urbieta Euskadi Irratiko kirol zuzendariak Garciari buruzko liburua idatziko du. 2014ko ekainean argitaratuko dute liburua eta haren inguruko webgunea.

Proiektu osoa Azkoitian eta Azpeitian egingo dute: "Jakina da bi herrientzat une zailak direla, baina proiektu honekin erakutsi nahi dugu bi herri horiek lanean jarraitu eta gauza berritzaileak egiteko gai direla. Diego Garcia maratoi modernoaren aitzindari izan bazen, ekainean argitaratuko den lan honek ere, bere esparruan, produktu moderno eta berria izan nahi du", adierazi dute.
 
Antolatzaileek jakinarazi dute egitasmoa irabazi asmorik gabekoa dela. Horrenbestez, etekinik ateraz gero, Azkoitiko eta Azpeitiko kirol ekimenetara bideratuko dute dirua. Proiektua finantzatzeko, berriz, kanpaina jarriko dute abian, ahalik eta laguntzaile gehien batu daitezen: "Bailarako herritar, enpresa edo dendek egitasmo honetan parte hartzeko aukera izango dute diru laguntza apalen bidez. Asmoa da laguntza txiki askorekin denon mesederako izango den produktu erakargarria egitea".
 
Dagoeneko egin daiteke liburuaren erreserba Diego Garciaren wegunean. Liburua eskatzeko egin klik hemen.