Gallardoren "joko zikina" salatu dute Corrugados Azpeitiako langileek, epaiketaren atarian

Uztarria.eus 2013ko urr. 17a, 14:23
Corrugados Azpeitiako langileek elkarretaratzea egin dute gaur, plazan.

Lana Erregulatzeko Txostenaren helburu bakarra "langileak kaleratzea eta eta gune naturaletik kanpo epaitzea" dela adierazi dute Corrugados Azpeitiko langileek, gaur, osteguna, urriaren 29an Madrilgo Auzitegi Nazionalean izango duten epaiketa salatzeko egin duten elkarretaratzean.

Urriaren 29an Madrilgo Auzitegi Nazionalean epaituko dute Alfonso Gallardo Taldeak Corrugados Azpeitian eta Corrugados Lasaon ezarritako Lana Erregulatzeko Txostena (LET). Txosten horren bidez Corrugados Azpeitiatik langile guztiak kaleratu dituzte, eta lantegia itxi egin dute. Gainera, Lasaoko lantegiko 68 langileetatik 38 kaleratu dituzte. Epaiketaren eguna gertu dela, Azpeitiko lantegiko Enpresa Batzordeak deituta, hainbat langilek elkarretaratzea egin du gaur, osteguna, plazan. Enpresa Batzordeko ordezkariek Gallardoren "joko zikina" salatu dute: "Lantegia hiltzen utzi du eta Madrilera eraman du epaiketa, hemen gauzatzen duen lanpostuen galera, industriari egiten dion kaltea eta gizarteari sortzen dion oinazea kontuan izango ez diren eszenatokiaren bila". Lana Erregulatzeko Txostenaren helburu bakarra "langileak kaleratzea eta eta gune naturaletik kanpo epaitzea" dela adierazi dute, eta "Madrilen ere Corrugados Azpeitiaren eta eskualdearen etorkizuna defendatuko" dutela gaineratu dute.

"Gure alde dugu orain arteko epaiketa guztiak irabazi ditugula. Hau da, epaiketa guztietan arrazoia eman digute epaileek, eta dagoeneko lau epaiketa izan dira. Gainera, urriaren hasieran urte hasierako oporren inposaketagatik arrazoia eman digu Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiak". Hori dela-eta, "arrazoia" eta "negoziatzeko borondatea" dutela "agerian" gelditu dela esan dute, baina "Gallardoren intransigentziak honaino" ekarri dituela salatu dute: "300 langileren eta 300 familiren etorkizuna Madrilen epaitzera bidali du Gallardok, eta bere interesak salbatzearren ez da kezkatzen sortzen duen hondamendiaz".

Larunbatean, manifestazioa

Alfonso Gallardo Taldeak abuztuaren 7an itxi zuen Corrugados Azpeitia enpresa, langile guztiak kaleratuta. Abuztuaren 7an, berriz, Corrugados Lasaoko 68 langileetatik 38 kaleratu zituen. 30 langile besterik ez dira gelditzen Lasaon, eta enpresaren itxiera "ate joka" ikusten dutela salatu zuten joan den hilaren bukaeran egindako agerraldian. Behin eta berriro ekoizteko ia lehengairik gabe dauden, eta datorren urte hasierara iritsiko ez diren susmoa dute. "Enpresaren itxiera inoiz baino gertuago ikusten dugu. Ate joka dugu". Aste honetan bertan batere lehengairik gabe gelditu dira Lasaon, eta geldirik daudela azaldu dute bertako langileek. "Berriro lehengaia ekarriko dutela diote, baina ezin da jakin", adierazi dute bertako langileek.

Egoera salatzeko larunbaterako manifestaziora deitu dituzte herritarrak Corrugados Lasaokoek. 12:00etan abiatuko da plazatik, Gallardo iruzurrak amaitu, etorkizuna bermatu leloarekin.

Atxikimendu ugari

Corrugados Lasaokoek manifestaziorako 30etik gora atxikimendu lortu dituzte eskualdeko enpresetan. Corrugados Lasaokoen manifestazioari babesa eman diote honako lantegietako enpresa batzordeek: Gerdau Azkoitia, Grumal, Altuna y Uria, Sammic, Forjas de Iraeta, Guascor, Iraurgi Ikastetxea, Indaux Aia, TS Fundiciones, Astilleros Balenciaga, Estampaciones Gipuzkoa, Indaux Getaria, Korta, KS Bitur, Mendiaraiz, Xey, Galvanizados Olaizola, Arregi Buzones, Enrique Keller, IA Tecnica, Mecanizados Gurrutxaga, Leaiz, Arrieta Hermanos, Erlo, Konberbi, Glual, Malac, Taz, Azpeitiko Udala, Azkoitiko Udala, Zestoako Udala, Zumaiako Udala, Getariako Udala eta Zarauzko Udala.