Ametsen erreinura begira

Uztarria.eus 2013ko urr. 23a, 11:20

Ignacio OtaƱo eta Jon Guridi Realeko jubenilen taldeko jokalariak dira.

Duela urte pare batetik ez dago azpeitiar jokalaririk Realaren lehen taldean. Hori bai, badira harrobiko mailetan jokatzen duten herritarrak, eta horietako bi dira Jon Guridi erdilaria eta Ignacio Otaño atezaina (Azpeitia, 1995). Jubenilen taldeko kideak dira biak egun, eta Youth League (gazteen Txapeldunen Liga) jokatzen ari dira. Realzaleentzat iritsi da egun handia, eta talde nagusiaren partidarren aurretik, Manchester United-en jubenil mailako taldearen kontra jokatuko dute biek ala biek, Manchesterreko Salford City Stadium futbol zelaian, 14:00etan hasita. Bi partidetan emaitza onak espero dituzte Guridik eta Otañok. Izan ere, Realeko jubenilek 1 eta 2 irabaziko dutela eta lehen taldea 0 eta 1 nagusituko dela uste dute. Uztarria.com-ek beraiekin hitz egin du.

Azken ordukoa (17:00): Bukatu da partida Manchesterren eta Realeko jubenilek 0-1 irabazi diote United-i. Jon Guridik hasieratik jokatu du eta Ignacio Otaño aulkian geratu da.

Realzaleak zoratzen daude Old Trafford-eko partidarekin. Zuentzat ere garrantzitsua al da Manchesterreko gazteen kontra jokatzea?

Jon Guridi: Partida denak bezalaxe berezia eta desberdina da hau ere. Baina, Manchesterren kontra jokatzea oso berezia da. Historiako talde onenetakoa da, eta ilusioa egiten du.

Ignacio Otaño: Izenak asko egiten du. Sei puntu ditugu, aurrera goaz, eta hauei ere irabazteko gogoa daukagu.

Ordu "arraroetan" jokatzen duzue… Jendea joaten al da partidak ikustera?

IO: Talde nagusiak baino lehenago jokatu behar izaten dugu. Eta guretzat ordutegi desberdina bada ere, Ingalaterran-eta ez da hain arraroa eguerdiko 13:00etan jokatzea. 

JG: Zubietako partidara Alemaniakora baino jende gehiago joan zen. Alemanian ere izan zen jendea ikusten baina…

Zer moduzko esperientzia ari zarete bizitzen Jubenilen Txapeldunen Ligan?

JG: Ligari garrantzia handiagoa eman behar zaio. Youth League jokatzea sari bat da finean, eta gainera aurten da egiten den aurreneko aldia. Esperientzia polita da, jendea ezagutzeko eta talde desberdinak ikusteko.

IO: Sari bat da. Kanpora ateratzen gara, bidaiatzen dugu, gure mailakoak diren baina hemengoak ez diren beste taldeen kontra jokatzen dugu, eta hemendik kanpo gure maila ikusteko aukera ere ematen digu horrek.

Talde nagusia baino hobeto ari zarete, orain arte behintzat.

JG: Jubeniletan errazagoa da. Ez gaude elitean. Beraiek ligarekin eta Txanpeldunen Ligarekin lan handia dute. Ez dira oso ondo ari, baina zorte txarra ere izan dute. Hasiko dira irabazten!

IO: Gu hobeto ari gara, baina kontuan hartu behar da lehenengo mailan diruak asko egiten duela, eta elitera iristen diren jokalari askok alde egiten dutela. Harrobiko jokalariak, berriz, ez dira horren erraz joaten.

Lehen taldea Txapeldunen Ligatik at geldituko balitz, zuek Youth Leaguen jarraituko al zenukete?

IO: Bai, aparte doaz. Abendura bitartean taldekako fasean ari gara bi taldeak, baina gero ez dute loturarik. Beraz, gu sailkatuz gero eta beraiek ez, guk aurrera jarraituko dugu, eta alderantziz. 

Zeuen burua presiopean al duzue Youth Leaguen?

JG: Tentsioa beti egoten da, baina futbolean hainbeste urte pasata eta hainbeste partida jokatuta, gutxitu egiten da presio hori. Lehenengo taldekoek ba izango dute, baina gu oraindik hobetzen ari gara, eta asko falta zaigu onenera iristeko. Lehen taldekoak, berriz, profesionalak dira, eta haiek bai badute presioa. Partida bat galduz gero kritikak jasotzen dituzte eta…

IO: Prentsak eta horrek sortzen duen inguruak asko egiten du presioari dagokionez. Guk galdu edo irabazi… antzera izaten da. Irabaziz gero hobeto, baina galdutako kasuetan-eta ez dugu prentsa atzetik.

Gol bat sartu duzu Jon eta zuri gol bat sartu dizute Ignacio.

JG: Ilusioa egin zidan, baina Ligako golek ere berdin balio dute, egia esan. Hala ere, halako taldeen kontrako partida berezietan gola sartzea motibazio berezia da.

IO: Bai, gol bat sartu didate Youth Leaguen, eta justu geure atean sartu zuen jokalari batek. Bi partida jokatu ditugu eta ni Leverkusenen kontrakoan izan naiz zelaian.

Zer maila ikusi duzue Youth Leaguen, oro har?

JG: Xakhtar Donetsk-ek talde ona zuen. Leverkuseneko jokalariak baino hobeak iruditu zitzaizkidan, eta Manchester, berriz, ez dugu ikusi. 

Youth Leaguen eta ligan aldi berean aritzea gogorra dela esan izan da. Hala al da?

IO: Bai, gogorra da. Gure taldean ere antzematen da, astegunean eta asteburuan jokatzen dugunean, eta hori guk jokalari guztiok jokatu behar izaten dugula. Gure kasua ez da lehenengo taldean bezala. Nekea somatzen da, baina txandatu egiten gara. 

JG: Errekuperazio entrenamenduak-eta egiten ditugu, eta beno, aldea izaten da. Gainera, Ligan sei partida jokatuta, 13 punturekin gaude aurreneko bost taldeak sailkapenean.

Ligan ez duzue Youth Leaguen bezalako bidaiarik egingo. 

IO: Ligako partidak jokatzera, urrunen Huescara eta Errioxara joaten gara. Youth Leaguen, berriz, partida aurretik nekatzen gaitu bidaiak. (kar, kar, kar) Ez, ez, bidaiak onak dira. Lehen taldearekin egiten ditugu, eta aurreko egunean joaten gara. Gero, talde nagusiaren partida bukatutakoan bueltatzen gara etxera.

JG: Lehen taldearen partidak ikustera joaten gara, gainera.

Lehen taldearekin bidaiatzen duzuela-eta, profesional sentituko zarete, ezta?

IO: Profesional sentitu ez, baina ikusi dugu nola ibiltzen diren profesionalak. Prentsa atzetik nola ibiltzen duten… sentitu ez, baina… Ordura arte entzun izan dugu zer nola ibiltzen diren, eta hor ikusi dugu nolako lata ematen dioten kazetariek, kamerek…

JG: Keba, gu bigarren planoan ibiltzen gara (kar, kar, kar). saltsan.

Nola daramazue ikasketak eta futbola partekatzea. 

JG: Nik nahiko ondo daramat. Goizetan izaten ditut klaseak, eta eguerdian iristen naiz etxera. Arratsaldean entrenamenduak izanda ere, etxean egoteko eta lanak egiteko astia izaten dut. Iaz batxilergoan baino hobeto moldatzen naiz.

IO: Nik ere goizean izaten ditut klaseak. Gero han geratzen naiz ikasten, eta bertan bazkaltzen dut. Zubietara joan eta etortzen naiz. Ez dago inongo arazorik.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide